blogak

Garaigoikoa

Zozoak beleari

Doktore-tesiak poztasun batzuk eman dizkit dagoeneko. Baina, normalean, irakurri beharreko liburu eta artikulu gehienak ez ditut behar bezala gozatu (hau suabe esanda, kasu batzuetan zeharo gogorra izan da eta). Azken finean, sarritan gauza jakin baten bila zoaz eta besteari jaramon gutxi egiten diozu. Baina beti ez da horrela.

Ez dakit zergatik apuntatuta neukan “Zozoak beleari” liburua bibliografian, 1997an argitaratua. Jon Sarasuak eta Andoni Egañak gutunizketa egiten dute (posta elektronikoaren aurreko sasoiak!) eta mila gai aletzen dute: bertsolaritza (batik bat), baina baita herrigintza, internazionalismoa, kulturgintza, euskara, … ere.  Baina tesirako ez dauka ezer, zoritxarrez.

Liburu horretatik bi aipu ekarri nahiko nituzke. Lehenengoa artisautzarekin du zerikusia eta nire artikulu batekin oroitu naiz:

“Zeregin apala duk artisautzarena. Molde batera behartzen dik langaia. Zumitza edo buztina moldera behartuaren behartuz, denborarekin abilidadea pilatzen dik artisauak. Abilidadeak sormenari ere bidea irekitzen ziok. Sormena abilidadetik bideratzen duk, moldetik, serieko produktu arruntaren apaltasunetik”.

Bigarrena, aldiz, bizi-nahiarekin eta autokonfiantzarekin, eta transmisioarekin eta belaunaldi arteko harremanekin, eta sormenarekin eta beste hainbat gauzekin bere xumean:

“Garena izatez jarraituz aldatzea. Aldatzea baita garena izaten jarraitzeko modua”.

Sekulako gozatua izan dut liburuarekin. Badakizue, joan zuen liburutegietara (edo ez).

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07