blogak

Garaigoikoa

Tosepan 2.6

Beste egun luze bat bizi izan dugu gaurkoan ere Cuetzalanen. Hasteko eta behin, aldaketa. Unibertsitateko irakasleekin nuen saioa bertan behera geratu da eta, horren ordez, Lizekin izan dut koordinazio batzarra. Eta, bitartean, Euskal Herriko komunikabideen hainbat eskaerei erantzuteko bideak aurkitu.

Unibertsitateko irakasleekin barik, hango ikasleen aurrean saio gogoangarria izan dut. 140 ikasle izan dira, dena beteta, eta interbentzio zeharo esanguratsuekin (nire interbentzioak baino esanguratsuagoak batez ere). Txalo zaparrada pare bat jaso dut (biba zuek, dedio!) eta, bereziki, hunkitu nau amaieran lau ikaslek beste guztien izenean eskerrak emateko egin duten erronda. Amaieran, gainera, beste lau ikaslek bideo elkarrizketa egin didate euskaraz eta gaztelaniaz, eta euren asanbleetan xuxurlarien teknika erabiltzeko aholkatu diet (a zer indarra ematen didate beti gazteek!).

Arratsaldean, berriz, Tosepaneko eskolako irakasleekin hausnarketa saioa egin dut. Hizkuntza aktibismoa, hizkuntza ekologia eta bakoitzaren erantzukizunaz berba egin dugu luze eta zabal. Baina ez hori bakarrik. Hurrengo egunetan berben lapurra jokoa egiteko proposatu eta onartu egin dute. Bihar hasiko dira jokoarekin eta, amaieran, irabazleak Euskal Herritik ekarritako oparitxoa jasoko du.

Koordinatzeko beharra ez da amaitu, ostera. Izan ere, ostegunean Eskoriatzako eskolako irakasle batzuk datoz eta hori koordinatzen ibili gara Gatxi, Liz, Leo eta laurok. Koordinatu, dinamizatu, formatu, xaxatu eta abar. Horixe da gure lana hemen, horiexek dira gure hemengo erronkak eta gure hemengo eginbeharrak. Eta fin ari gara horiek betetzen, txiri-txiri eta animoz beterik, nekatuta egon arren batzuetan. Aurten, gainera, iaz baino garestiagoak daude birrak, Gatxik bere kronikan oso ondo azaldu duen bezala.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07