blogak

Garaigoikoa

Tosepan 2.3

Hirugarren eguna dagoeneko Cuetzalanen eta oraindik erritmo motelari egokitu ezinik. 12etan bilera batera deitu eta 13etan hastea, adibidez. Bestela, ba ondo, lanik lan eta gelditu barik. Eta egindako lanak lurreratzeko ahaleginetan, hor eta han.

Goizean jarraipen batzarra egin dugu Gatxi, Liz eta hirurok. Eta gero Tosepaneko sustatzaileekin (kooperatibak zabaltze eta zaintzearen arduradunak) hizkuntza jarrerak lantzeko tailerra egiten aritu naiz (aupa Ainhoa, bat zor dizut!). Gure adibideetatik tiraka euren errealitatera hurbiltzeko saioa zenak itzelezko konexioa lortu du (baten bati malkoak atera zaizkio!). Bihotzetik bihotzera berba egin dugu eta batzuekin behintzat lotura erabatekoa izan da. Horrek, beste behin, hizkuntza zapalkuntzaren errealitatea han eta hemen, hor eta han, berdintsua dela erakutsi dit.

Arratsaldean Tosepaneko erakundetzeari buruzko proposamena lantzen ibili gara Liz eta biok. Non txertatu hizkuntza kooperatiben bizitzan ibili gara aztertzen. Sakon eta mamitsu ibili gara eta hurrengo egunetan jarraitu beharko dugu lantzen, fintzen eta doitzen.

Horren ostean, lehendabiziko aldiz irten dugu Tosepaneko egoitza nagusitik. Joan gara herrira, Cuetzalanera eta tako batzuk eta birra batzuk hartu ditugu Silvioren musikapean. Feminismoaz eta bizitzaz luze jardun dugu, pozik eta alai.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07