blogak

Garaigoikoa

Tosepan 2.2

Bigarren eguna unibertsitatean hasi dugu. 2019ko martxotik aurrera nekazaritza inguruko unibertsitatea eratu dute eta hango irakasleekin saio bat egin izan dugu. Bi ordukoa zena hiru ordukoa bihurtu da eta, beste behin ere, emankorra izan da. Saioa hizkuntza ekologiari buruzkoa izan da.

Hasieran ez gehiegi, baina apurka-apurka hizkuntza genealogietan murgildu ostean, hizkuntza ekologia ekarri dut hizpidera, hasieran apur bat uzkur (eurak dira ekologian adituagoak ni baino). Baina gero sartu dira bete-betean eta oso eztabaida interesgarriak izan ditugu, oso ekarpen mamitsuekin. Eta, ez hori bakarrik, aurrera begirako egiteko bidexkak-eta irudikatzen hasi gara.

Horrek beste behin erakutsi dit hizkuntza ekologiaren diskurtsoak (eta praktikak) dituen potentzialitateak jendeak uler dezan. Eta, era berean, bizitza bizigarriagoa eta sustengarriagoa egiteko hizkuntzek ere duten lekua eta espazioa.

Arratsaldean, berriro ere, hizkuntza plangintza gidatu behar duen taldearekin izan gara. Oraingo honetan, tailerra barik, orain arte egindakoaren balorazioa egin dugu, ahulguneak eta indarguneak tartekatuz, eta ametsak eta porrotak partekatuz. Iragana eta oraina txirikordatzen ibili gara etorkizunera proiektatzeko.

Baina beharra ere bada hemengo jendearekin partekatzea, hemengo jendearekin berba egitea. Eta aztarna ekologikoa hizkuntzetara zelan aplikatu pentsatzea, eta Tosepaneko nekazaritza ereduaz berba egitea, eta hemengo lagunen bizipenak eta kezkak arretaz entzutea, eta hemengo janari apartaz gozatzea, eta abar.

Gaurko esaldi batekin geratzen naiz: kide guztien sortze-ahalbideak askatu!

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07