blogak

Garaigoikoa

Tosepan 2.10

Azken orduak dastatzen ari gara Cuetzalanen. Gutxi barru abiatuko gara Euskal Herri aldera eta aurretik bidaia luzea daukagu. Baina, tira, azken egunekoak ere aletu beharko ditut, txiri-txiri.

Atzo balantze eguna izan zen, bisitaren balantzea, egonaldiaren balantzea, planaren balantzea, eta, jakina, aurrera begira zelan sendotu, indartu, sustatu eta abar. Dena ideia eta amets baten bueltan. Ea.

Agurren eguna ere izan zen. Hemen egindako lagun, ezagun eta abarren agurra. Alde, Liz, Diana, Atsilin, Octavio eta abar. Eta, era berean, atzo Euskal Herritik heldu ziren irakasleei ere agurra. Ea eskolan lan ederra egiteko bultzada ematen duten.

Eta horri guztiari lotua, behin-behineko eta urgentziazko ondoriotxo batzuk:

  • Oraingo honetan hemengo batzarretan eta abarretan asko gehiago entzun dugu nawata (eta tutunaku apur bat ere entzun dugu). Horrek, nire ustez, asko adierazten du (ahalduntzea den heinean).
  • Jende gazteagorekin egon gara. Bekadun programa handi batean sartu da Tosepan eta, era berean, unibertsitateko ikasleekin egoteko aukera ere izan dugu.
  • Tutunakuak ere aurreko urtean baino presenteago egon dira eta, badirudi, gutxi barru haiek bultzatutako hizkuntza plana ere errealitate izan daitekeela. Bejondeiela!
  • Askoz zentratuago ibili gara. Hemengo dinamikak gero eta gehiago ezagutzen ditugu, aurreko urteko esperientzia ere badugu, jende gakoarekin lan egiteko aukera izan dugu, eta Tosepaneko historiari buruzko liburua irakurri izanak ere lagundu du zentratze horretan.
  • Eta, azkenik, askoz birra gutxiago edan dugu. Eta horrek adierazten du lan eta lan aritu garela, lotu barik, etorri ginenetik.

Azkenik, IƱaki Lazkanori atzo irakurritako esaldi batekin amaitu nahiko nuke ibilbide hau guztia: “Normalean, periferietan, bazterretan, sortutako astinduak zentroari ere eragiten dio”. Biba zuek, Tosepanekook!

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07