blogak

Garaigoikoa

Sistematizazioa

Blog honetan normalean soziolinguistikaz aritzen naiz. Gaur, baina, parentesi bat irekiko dut eta sistematizazioari buruz berba egingo dut.

Sistematizazioa Hego Ameriketan sortu zen, 60ko hamarkadaren abaroan. Ordutik, garapen teooriko eta praktiko itzela izan du eta gaur bada erreferentea beste mundu batzuk amestu eta gauzatu nahi ditugunontzako. Baina, askotan gertatzen den bezala, oso gutxitan begiratzen diogu hegoari eta ez dugu izaten euren eztabaida, praktika eta begiraden berri.

Sistematizazioa ez da ikerketa, ez da ebaluazioa, baina bien arteko potxingoetan sartzen ditu hankak. Paradigma berri bat dakar (paradigma epistemologikoa), ikerketa eta ebaluazioaren artekoa zelanbait esateko (eta harreman estua duena ikerketa parte-hartzailearekin). Izan ere, ebaluazioak prozesu baten emaitzak (edo ez-emaitzak) aztertzen ditu, planifikatutakoa zer punturaino bete den edo ez. Hau da, produktuari begiratzen dio, eta sistematizazioak, ostera, prozesuari begiratzen dio.

Ikerketak, berriz, ezagutza zientifikoak eraiki gura ditu. Hortaz, ikerketaren emaitzak probatu, erkatu eta aurkatu ahal dira. Gainera, ikerketek esperientziak marko orokorragoetan ulertzeko bidea ematen dute. Sistematizazioak, ostera, esperientziak ulertu nahi ditu bere horretan, eskema orokorragoetatik ihesi eta egunerokoari itzelezko garrantzia emanez.

Orduan, zer demontre da sistematizazioa? Hausnarketa prozesu indibidual eta kolektiboa da, egindako edo bizitako esperientzia baten gainean, bertan gertatutakoa ordenatu eta berreraikitzen duena, begirada kritikoa dakarrena eta ezagutza berriak sorrarazten dituena. Hau da, parte hartzaileek eurek egindako hausnarketa praktikaren gaineko jakintzak eta ezagutzak ekoizteko.

Hortaz, sistematizazioak jakintza kokatua sortzen du eta prozesuan bertan parte hartzen dutenak boteretu egiten ditu zelanbait. Gainera, imajinazio sortzailea ere sustatzen da. Era berean, begirada objektiboa (objektiboa ulertuta ez subjektiboaren kontraposizioan, ezpada distantzia hartuta bezala ulertuta) eta begirada kritikoa bilatzen du.

Gurean, orain arte, oso gutxi aipatu da sistematizazioa eta oso gutxi erabili da (Joxemi Zumalabe fundazioak egin ditu saiakera batzuk nik dakidala). Agian, akaso, euskararen aldeko mugimenduek ere hasi beharko lukete honen tankerako tresnak erabiltzen. Agian.

Gehiago sakontzeko sistematizazioan online-ko baliabide bi (biak gaztelaniaz):

Oscar Jararen liburu bat ere gomendatuko nuke, baina badakit zaila dela eskuratzea: “La sistematización de experiencias. Práctica y teoría para otros mundos posibles”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07