blogak

Garaigoikoa

Patologiak

Orain dela gutxi irakurri dut Ainize Madariagaren Komunitatea hats-bahiturik liburua. Bertan, hizkuntza patologia zuen pertsona baten ibilbidea berregin zuen egileak (zeharo interesgarria Kanaldudek grabatutako bideo hau). Bateratsu irakurri nuen Argia aldizkarian Marie Pourquieri egindako elkarrizketa antzeko gai baten inguruan …

Eta akordura etorri zait orain dela urte batzuk nigana heldu zen kasu bat: ume baten kasua. Kontua da umeak berba egiteko zailtasunak zituela eta, orduan, gurasoek erabaki zuten ortofonista batengana joatea. Hara heldutakoan, lehen egunean ortofonistak esan zien umearen arazoa hizkuntzen arazoa zela. Izan ere, gurasoetako bat katalana da eta katalanez aritzen zen umearekin, eta bestea euskalduna eta euskaraz aritzen zen umearekin, nahiz eta euren artean gaztelaniaz aritu. Orduan, ortofonistaren aholkua izan zen umeari laguntzearren etxeko hizkuntzak murriztea (eta, beraz, agi denez, denak gaztelania hutsean aritzea).

Gurasoak haserretu ziren eta ez zioten kasurik egin. Baina beste ortofonista bat bilatu aurretik, nirekin egin zuten berba (gaiaz gutxi jakin arren, badirudi eurentzat “aditua”-edo nintzela). Nik, jakina, esan nien nire ustez eta nire ezjakintasunetik, etxeko hiru hizkuntzak (eskolako hizkuntza euskara zen) ez zirela arazo. Arazoa egotekotan, beste nonbait zegoela. Eta aholkatu nien gutxienez elebiduna zen ortofonista bilatzea (nire aurreiritzia zen ortofonista euskaldun batek hobeto ulertuko zuela hainbat hizkuntzaren kudeaketa). Bigarren ortofonista horrekin ahalegindu eta baietz, hizkuntza aniztasunean ez zegoela arazoa esan zien. Tratamendu luze baten ondoren, aurrerapen nabarmenak lortu zituen umeak eta gaur egun ondo moldatzen da hiru hizkuntzetan.

Honek guztiak, nire ustez, adierazten du oraindik, gaur eta hemen, sekulako aurreiritziak daudela hizkuntzekiko, eta zehazkiago hizkuntza aniztasunarekiko. Eta, zelan ez, aurreiritzi horietan beti sobera dagoela hizkuntza gutxitua, beti daudela haren aurretik beste lehentasun batzuk, eta ez bakarrik hizkuntza patologiei dagokienez.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07