blogak

Garaigoikoa

Nork eragiten du erabileran?

Pasa den astean albiste pozgarri bat plazaratu zen: azken 100 urteotan lehendabiziko aldiz euskararen erabilera gaztelaniaren erabilera baino altuagoa dela Tolosako kaleetan. Datua pozgarria da, baina tentuz hartu beharrekoa nire ustez (joerak bai dio erabilera urtetik urtera handiagoa dela, baina neurketen eraginez baliteke hurrengo urtean datua apur bat baxuagoa izatea. Nik parra daudela esango nuke, baina, tira, ulertzen dut titularra).

Albistea pozteko modukoa da, are gehiago kontuan izanda Tolosak bere eskualdean betetzen duen funtzioa. Eta Miquel Grosek egindako ikerketa honekin, gainera, koherentea da. Labur zurrean, Miquelek aipatzen zuen eskualdeburuak direla Nafarroan euskararen berreskuratzearen motor.

Baina … egon zen sare sozialetan Galtzaundi euskara elkartea zoriondu zuenik. Eta, seguruenik, Galtzaundik badu zer zoriondua (beste eragile askok bezala). Hala ere, kaleko erabilera bezalako adierazle multifaktoral bat elkarte baten lanera errenditzeak badu arriskurik. Izan ere, beste herri edo eskualde batzuetan erabilera jaisten bada, orduan, logika horrekin, aipatu beharko genuke bertako euskara elkarteak lana ez duela txukun egin (eta, agian, hala da, baina ez du zertan).

Hortaz, zoriondu bai, noski, baina kontuz. Zoritxarrez (ze bestela errazagoa zatekeen) milaka faktorek dute eragina erabileran eta ezin zaio egotzi eragile baten lan onari edo lan ez hain onari.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07