blogak

Garaigoikoa

Klasea (Atik Zra)

Hizkuntza (eta, beraz, hizkuntzen biziberritzea) hainbat aldagairekin gurutzatzen da: generoa, adina, politika, jatorria … eta klasea. Eta, gainera, azken aldion berba asko egiten da klaseari buruz eta euskaldunen balizko pribilegioei buruz. GKSren ingurukoek hauspotu dute eztabaida hau, azken Artekako artikulu hau lotsagarria bada ere.

Gai korapilatsua da, mila ertz dituena (bi ertz erakustearren, bata Onintza Enbeitarena eta bestea Paul Beitiarena). Hizkuntza minorizatua dugu gurea eta munduan, oro har, hizkuntza minorizatuen hiztunak izan ohi dira pobreak (kasu eta herri gehienetan, pobreenak). Gurean, baina, ez da horrela. Errenta-mailaren beheko erpinetan gaztelaniaz eta frantsesez mintzo direnak baitaude (kasu askotan, gainera, gaztelania edo frantsesaren ezagutza eskasarekin). Eta euskal hiztunak, batez ere, klase ertainean kokatzen dira (baldin eta hori esistitzen bada). Hortaz, goiko erpinean ere gaztelania eta frantses hiztunak ditugu (gurean negozioak espainolez edo frantsesez egiten dira, maifren!). Baina Paul Beitiak errepaso askoz potoloagoa eta datuz askoz hornituagoa egin zuen eta merezi du horri kuku egitea.

Posible al da euskara biziberritzea baldin eta klase konfigurazioaren (edo errenta-mailaren) goiko eta beheko erpinek hizkuntza hori hartzen ez badute? Galdera erretorikoa da, jakina, ze erantzuna argia da: EZ. Eta, horretarako, seguruenik gaur baino askoz gehiago hartu behar da kontuan hizkuntzek (edo hizkuntzen dinamikek, zehatzago esanda) duten izari ekonomikoa. Aitor Bizkarraren berbetan adierazita, “nago hizkuntza baten errotze ekonomikoaren aspektu hau ez dela behar bezala baloratu eta behar adina aldiz azaleratu gurean, eta, azterketa sakon bat egin beharko litzatekeen arren, esango nuke lehenbiziko gainbegiradan euskararen izaera eta kapitalaren logika ez datozela bat”.

Ba hori, nik ez dut erantzunik, baina bai iruditzen zait hartu behar dela aintzat klasea biziberritze ahaleginetan (eta, seguruenik, batez ere enpresak euskalduntzea helburu badugu).

The post Klasea (Atik Zra) appeared first on Garaigoikoa.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07