blogak

Garaigoikoa

Jabetze eskola bati begira

Urrian, oraindik konfinamendua ez zegoenean, egun-pasa egin nuen Gasteizen. Erosketa batzuk egin, ondo bazkaldu eta lagun batzuekin tragoa hartu. Egun-pasa ederra izan zen. Erosi genuen dendetako batean bazegoen liburuxka potolo bat, Gasteizko Jabetze eskolaren urteko egitaraua zekarrena. Hartu nuen, poltsan sartu eta, ordutik, erdi ahaztuta izan dut. Pasa den astean, berriz, aurkitu nuen etxetik eta begiratzen hasi nintzen.

Egitaraua itzela iruditu zait eta inbidia sentitu dut, inbidia hainbat arrazoirengatik. Inbidia egitaraua oso betea eta interesgarria iruditu zaidalako, inbidia talde feminista eta abarrekin elkarlanean egin delako, eta abar.

Zehatzago aztertuz, iruditu zait aipagarria ikerlan feministen lehiaketa egiten dutela (ez naiz lehiaketa hauen oso zale, baina tira, gustura hartuko nuke ikerlan soziolinguistikoen lehiaketa bat edozein euskal herritan). Horrez gain, feminismo dekolonialari buruzko bost hitzaldi dakar egitarauak, hainbat gairi buruzko hitzaldiak, ikuskizunak (zinema, irakurle-klubak, antzezlanak, monologoak, …), tailer pila bat eta ume eta gazteentzako jabetze-jarduerak, besteak beste. Horiek guztiak aipatzeko modukoak eta kopiatzeko modukoak iruditu zaizkit (kopiatu ez agian bere horretan, moldatuta baizik).

Iruditzen zait zeharo modu integralean jasotzen duela egitarau honek udal bateko berdintasun zerbitzuak egiten duen lana (gurean ez dut horrelakorik inoiz ikusi). Animatuko nuke baten bati honen tankerako egitarau bat lantzen bere herrian (udal zerbitzutik edo bestela). Jabetze eskolako liburuxkan agertzen den esaldi batekin, nire ustez ederto laburbiltzen duena jabetze eskola honen helburua: “gizartean eragina izan dezaten, emakumeei zuzendutako ikastaro eta lantegiak”. Ea inork egiten duen gizartean eragina izan dezaten, euskaldunei zuzendutako ikastaro eta lantegirik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07