blogak

Garaigoikoa

Irauntza (edo etengabeko iraultza)

Alda dezagun gidoia. Praktika eta identitatea lotuta daude, praktikak identitatea gure gorputzean ainguratzen baitu. Abangoardia eta tradizioa uztartu zituzten gure aurrekoek (Zumetak esate baterako) eta horretan ari gara gu ere: balio garaikideak gure komunitate-senarekin bateratzeko ahaleginetan.

Pusketetatik osotasun berriak eraikitzen jarraitu beharko dugu, behetik eta elkarlanetik. Kode berriak nahasten eta sortzen, forma hibridoak esploratzen, eguneroko lanak eta arnas luzeko ametsak partekatzen, ideia zaharrak profanatzen eta mundu berriak autoeraikitzen. Mugimendu sozialen gramatika behar dugu, burutugabean jarraitu behar ditugu gure aditzak deklinatzen, gainezkatu ditzagun lerroarteak eta markoak. Mundu karratuan bere lekua topatu ezinean dabilen erronboaren gisan ibiliko gara. Izan ere, periferietatik jarraitu beharko ditugu fikzioak sortzen inoiz errealitatea eraldatzeko (bidetik irtetea da askotan irtenbidea!). Eta aintzat hartu behar dugu errealitatea aldatzeko gure tresnetan egon behar dutela gure utopiaren haziek.

Hizkuntzak eraiki, aberastu eta berritu egiten dira erabilerarekin. Eta praktika sustengarri horietatik eraikitzen da gure nortasuna, gure identitatea. Komunitatea ez da, egunero egiten da. Euskaraldian eta Euskaralditik harago (ea nork asmatzen duen hizkuntza ohituren aldaketa neurtzen duen makina!).

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07