blogak

Garaigoikoa

Irakurgaiak: Euskararen bidegurutzetik

Durangon erosi nuen Kike Amonarrizen “Euskararen bidegurutzetik”. Irakurri behar nuen liburua, gainera, tesirako, badaezpada, baina, batez ere, erosi nuen interesez. Eta liburuak zer dakar? Kikeren beste soziolinguistika ekarpenak bezala, baikor eta dibulgatiboa da honako hau. Euskarak (euskaldunok!) dituen erronkak, aukerak, beldurrak eta ahulguneak aipatzen ditu Kikek estilo bizi eta irakurterraz batean.

Gauza asko azpimarratuko nituzke liburutik, baina, tira, iruditzen zait euskalkiak eta batuaren arteko eztabaidan egiten duela ekarpenik berritzaileena. Ni ere nazkatu naiz euskalkien mapa horiek ikusteaz, nazkatu, ez dutelako gaur egungo errealitatea inola ere irudikatzen. Zergatik? Ba, euskararen mapatik kanpo kokatzen dutelako hainbat lurralde (eta, horiekin batera, hainbat hiztun) eta, bestetik, homogeneizatzen dutelako homogeneoa ez dena. Izan ere, eta adibide bat jartzearren, Derio mendebaldeko euskararen eremuaren barruan kokatzen dute. Eta hala da, derioztar batzuek mendebaldeko euskaraz egiten dute berba, baina beste hainbatek batuaz egiten du berba, eta gehientsuenok batua eta euskalkiaren arteko nahasketa moduko bat (baten bati mordoiloa irudituko zaiona, baina berdin digu).

Hortaz, iruditzen zait euskalkiek ikaragarrizko garapena izan dutela. Garapena eta nahasketa, eta gaur eta hemen oso gutxi direla (eta gero eta gutxiago) euskalkian egiten dutenak. Gehienok batua eta euskalkiaren arteko nahasketa egiten dugu, modu batera edo bestera, puruago batzuetan, nahaspilatuago besteetan. Eta, horrez gain, gero eta hiztun gehiago ari dira batuaren bere moldaketa propioa erabiltzen, hango eta hemengo berbak txertatuz eta hango eta hemengo esamoldeak. Eta hori da XXI. mendeko benetako euskara. Eta ez euskalkien mapa horiek islatzen dutena.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07