blogak

Garaigoikoa

Hizkuntza plangintza zentralizatua

Bernard Spolsky soziolinguistikaren arloan gaur eta hemen dagoen aditu nagusienetako bat da. Ekarpen mamitsuak egin dizkie hizkuntza plangintzaren kontzeptuaren zoko-mokoei (eta, bide batez, Txepetxek ezarritako hiru ontzi ospetsuen ia ondorio berara heldu da). Baina, tira, gaur ez da hiru ontziei buruz berba egiteko une eta abagunea.

Orain dela gutxi, irakurri dut bere artikulu bat eta hori gura nuen zelanbait iruzkindu (edo hona ekarri). Artikuluan mundu mailako hainbat hizkuntza plangintzari egiten dio erreferentzia (hasi Zelanda Berrian eta amaitu Afrikako hainbat estatutan). Aipatzen dituenen artean, noski, bi klasiko: Irlanda eta Israel. Eta berak eredu biak kontrajartzen ditu (beste askok egin bezala, bide batez).

Spolsky-k dio Irlandako hizkuntzaren aldeko lana (plangintza) oso zentralizatua egon dela eta eman dituen emaitzak eman dituela. Zentralizatua, batez ere, administrazioko nazio mailako egituretan. Israelen, aitzitik, hizkuntzaren aldeko lana herri mugimendutik elikatu da, baina baita Estatutik ere. Izan ere, lan hori hainbat esparrutan eta hainbat mailatan gauzatu da. Eta, dena kontra izanda, emaitza ukigarriak eta zeharo esanguratsuak ekarri ditu. Hortaz, Spolsky-k dio hizkuntza kudeaketa zentralizatuak muga argiak dituela eta, beraz, hizkuntza kudeaketa hainbat mailatakoa izan behar dela arrakasta lortuko badu (norbanakotik Estatura, eta tartean erakundeak, enpresak, administrazio lokalak, herri mugimenduak, kirol eta kultur taldeak, eta abar).

Gureak, antza izatekotan, Israelekin izango luke (nahiz eta gorengo maila, Estatua, falta izan). Hala ere, seguru aski, maila horietan guztietan (norbanakoa, familia, erakundeak, enpresak, …) intentsitatea handitu beharko genuke, nola edo hala. Seguru aski, sakonago eta sendoago errotu beharko genituzke aldaketok; seguru aski, koherenteago jokatu beharko genuke denok, erreferentzia direnetatik hasita (baina norbanakoon erantzukizuna zuritu barik). Seguru aski, baina Israeletik urrun gaude oraindik (Irlandatik ere, bide batez).

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07