blogak

Garaigoikoa

Hizkuntza ez da kultura

Yasnaya Aguilarren “La lengua no es cultura” artikuluaren bariazioa da artikulu hau. Itzulpen-bariazioa, ariketa librea, alegia.

Jatorrizko herri askorentzat, lurra entitate fisiko zehatza da, baina lurraldearen kontzeptuak bere barne hartzen ditu lur horri lotutako bizitza eta entitate fisikoari lotutako adierazpen kulturalak, parte izateko zentzua eta harekin harremanetan jartzeko modua. Lurraldea, askotan esan den modura, ez da bakarrik lurra. Hizkuntza bat ez da bakarrik sistema linguistiko zehatza, lurralde kognitiboa da batez ere. Hortaz, ezin da pentsatu gure hizkuntzaren bizitasunaren aldeko borroka gure lurralde eta prozesu autonomoen aldeko borroka barik. Joseba Sarrionandiaren poesia batean kontatzen da kartzelan zeudela euskararen erabilerak sortzen zuela funtzionarioentzako sartu ezina zen espazio bat. Euskaraz egiten zuten berba presoek, konspiratzeko, alai egoteko, euren sentimenduak adierazteko eta abarrerako. Baina funtzionarioek ez zuten bat ere ulertzen. Antzeko egoerak gertatzen dira gure inguruan behin baino gehiagotan eta, kasu horietan, ulertzen ez dutenen molestia begi bistakoa da (gogoratu orain gutxi Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria jokalariekin gertatutakoa). Hortaz, hizkuntza ere lurraldea da eta gure hizkuntzaren bizitasunaren borroka beste borroka batzuetatik askatzea iruditzen zait akatsa dela.

Administrazioarentzat, hizkuntza da kultura. Kultura berbaren bi adiera dugu begi aurrean: batetik, badu zentzu antropologiko zabala bizitza sozialaren edozein adierazpide barne biltzen. Adiera honen bidez, jakina, hizkuntza kultura da, sistema ekonomiko edo politikoaren beste edozein adierazpide adierazpide kultural diren heinean. Hala ere, beste adieran, kulturak bakarrik hartzen du barne adierazpide estetiko eta artistikoa. Horregatik, dago kultura saila, kultur etxeak edo programa kulturalak. Adiera honen barne, arriskutsua iruditzen zait hizkuntzen biziberritze prozesuak kultur sailen menpe uztea. Musika, bertsoa, antzerkia edo ikus-entzunezkoak zeharo garrantzitsuak dira gure etorkizunerako, baina adierazpide hauek espazio tenporal eta fisiko zehatzak dituzte; ez gabiltza momentu oro musika edo dantza egiten, baina hizkuntzak pertsona guztiak zeharkatzen ditu une oro. Adierazpide estetiko edo artistikoak ez bezala, hizkuntzak interakzio guztiak bustitzen ditu, baita gure pentsamenduak ere. Batzar batean bagaude, gure bikotekidearekin berbetan ari bagara edo hurrengo eguneko erosketen inguruan bakarka gogoetatzen ari bagara, hizkuntza presente dago. Bigarren adieraren araberako fenomeno kultural bat baino, hizkuntza jendarte mailako fenomenoa da. Gure borroka guztiak hizkuntzak bustitzen ditu eta, hortaz, linguistikoa zeharo politikoa da.

Hizkuntzen indarberritzea eta biziberritzea bakarrik kultura sailetik eginez gero, ekintzak askotan sinbolikoak izaten dira kasu askotan eta, gainera, administrazioari atea irekitzen zaio folklore moduan bereganatzeko. Hortaz, ez da harritzekoa gure hizkuntzen inguruko adierazpide literarioak modu batera edo bestera onartuak izatea, baina, aldiz, sekulako indarra egiten du gure hizkuntza eskubideen kontra, dela justizia administrazioan, osasun sistemetan edo poliziaren aurrean (besteak beste). Hortaz, adierazpide batzuk baimentzen dira, sustatzen dira kasu batzuetan, espazio edo erakunde kulturaletan, baina administrazioak jarraitzen du gogor erabilera elebakarra egiten. Beraz, premiazkoa da adierazpide horiek apurtzea eta ezetz esatea, gure hizkuntza ez dela kultura, edo zehatzago esateko, gure hizkuntza ez dela bakarrik kultura.

Hizkuntza baldin bada jendarte osoa blitzen duen fenomenoa, galdetu beharko genuke zertan ari den Ogasun saila, Garraio saila, Kirol saila, Emakumeen saila edo Justizia saila gure hizkuntza eskubideak behin eta berriz, eta leku orotan, bortxatuak izan ez daitezen.

Politika hauen ispilu, mugimendu sozialaren zati batek erakundeak sortu ditu eta, horietan ere, hizkuntza edo kultura sailak sortu dira. Horrekin beste sailek hizkuntzarekin harremanik ez duten ideia sendotzen da. Zoritxarrez, gure hizkuntzen biziberritzea lantzen dugun pertsona askok gure zeregina egiten dugu kultur ekintza deitzen den eremu horren barruan. Hizkuntzaren aldeko borrokaren ikuspegi partzial honek azaltzen du mugimendu abertzalearen zati batek hizkuntzarekiko duen ezaxolagabezia.

Munduko beste leku batzuetan izan diren hizkuntza biziberritzeko prozesuen praktika onenetatik zerbait ikasterik baldin badago, hori da gure hizkuntzak diren lurralde kognitiboen aldeko borroka ezin dela kultur sail, koordinakunde edo espazioetatik gidatu; borroka hori borroka integralago baten parte bezala ulertu behar da, alegia. Gure borroka guztiak blaitzen ditu hizkuntzak eta, beraz, borroka horietan guztietan sendotu daiteke (eta sendotu behar da) hizkuntza. Horrexegatik, gaur inoiz baino gehiago, nabarmendu behar dugu hizkuntza ez dela bakarrik kultura eta erresistentzia linguistikoaren etxea den lurralde kognitibo horren alde egin behar dugula.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07