blogak

Garaigoikoa

Gazteak.Militantzia

Aurrekoan lagun batekin ari nintzen berbetan. Bere ustez, gero eta gazte gutxiago dira militantzia hizkuntzan dutenak (zehatzago esateko, euskaran). Bere ustez, gazteak ez dira emozionatzen euskararen aldeko mugimendu sozialekin. Zentralitatea beste kausa batzuetan bilatzen dute: feminismoan, okupazioan, sorkuntzan edo dena delakoetan.

Handik gutxira, Pedro Zuberogoitiarekin “liskartu” nintzen txioerrian. Bere ustez, “belaunaldi berrietan ez dago ia inor prest euskaraz bizitzeko une oro eta inguru guztietan”. Eta sare sozialek dakarten patxadaz, ganoraz eta abarrez blai, haginka egitera irten nintzen, betiko legez, larregi pentsatu barik. Ai ene!

Bi lagun horien baieztapenak berresteko edo ezesteko daturik ez dut, ez dakit errealitatea hala den. Baina iruditzen zait errealitatea horrela den edo ez eztabaidatu beharrean, konponbideak bilatzea dugula eginkizunik behinena. Niri bi aukera bururatzen zaizkit: batetik, gure mugimendu sozialak hezeagoak egitea, erakargarriagoak egitea, errebeldeagoak edo kitzikarriagoak egitea. Eta, horretarako, astindu beharko ditugu gainean daramatzagun inertzia askotxo. Eta, bestetik, gazteekin berba egin, gazteei entzun eta eurekin batera (edo) zelan edo halan euren parte hartzea lortu.

Ez diot ezer berririk, badakait. Baina begiratu behar dugu, ikusi, berba egin eta, batez ere, entzun: beste batzuek zer egiten duten, zer arlotan hobetu dezakegun, zer kezka/kexa duen jendeak, zer egiteari utzi beharko genioke, zelan egin hobeto komunikatzeko, zelan egin erakakargarriago, eta abar. Eta abar.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07