blogak

Garaigoikoa

Etxealdian euskarazko edukiak gehitu

Egun aproposak dira hauek, antza, kontsumitzeko ez ezik, sortzeko ere. Hortaz, hemen gomendio sorta bat euskarazko edukiak gehitzeko egun hauetan. Gehiago baldin badituzu, esan eta gehituko ditut. Eskerrik asko!

1. Wikipedia: artikulu asko sortu daitezke wikipedian. Horretarako, baina, komeni da wikipediak berak emandako gomendioei jarraitzeko. Adibidez, hauek hezkuntzari lotuak. Horri lotuta, orain badago astia gure argazki zaharrak berrikusi eta horiek lizentzia librearekin igotzeko wikimediara: monumentuak, kaleak, etxeak eta abar.

2. Commonvoice: aukera ona izan daiteke proiektu honi bultzada potente bat emateko. Horretarako, esaldi laburrak grabatu behar dituzu edo, bestela, daudenak balioztatu.

3. Euskarazko edukiak sortzen ari dira hainbat eta hainbat irakasle: izan haur, lehen edo bigarren hezkuntzakoak, izan unibertsitatekoak edo euskaltegikoak. Horiek guztiak modu batera edo bestera eskegi beharko genituzke sarean, denon onurarako. Ez dugu ahaztu behar krisi honetatik ateratzeko bide emankor bat izan behar dela inteligentzia kolektiboa. Antolatu itzazue zuen buruak irakasleok eta askatu sortzen ari zareten materiala, euskararen komunitateak eskertuko dizue eta.

4. Ikus-entzunezko edukiak ere behar ditugu. Bideoak, youtuberrak edo dena delakoak. Ekimen politak egiten ari dira han eta hor, baina nire ustez, bada garaia aprobetxatzeko edukiak sortzeko: adibidez, euskarazko errezetak, edo euskarazko entrenamenduak egiteko klaseak (biba Aiaraldekoen zumba saioak!), edo euskarazko ipuinak, edo umorezko monologoak edo … (erabili garuna, laguna!).

5. Idatziz ere egin ditzakegu gauzak. Adibidez, Eneko Barberenak konfinamenduari lehioa ireki dio literatura blog baten bidez. Blogak sortu ditzakegu, edozeri buruzkoak eta abar. Horiek, gerora ere, iraungo dute.

6. Itzultzea ere bada denborapasa txukuna. Itzuli ahal ditugu wikipediako edukiak, edo ikus-entzunezkoen edukiak gero azpititulatzeko, edo software libreko programak edo … Hemen ere imajinazioa libre eta, gainera, taldean egiten bada Bermeon bezala, hobe.

7. Badakit Ttun ttun brigadakoak ari direla kantu berriak-edo sortzen (biba guek!). Sormen pausaturako parada ona da. Musika munduan gaur egun etxetik ia edozer sortu daiteke, zer esanik ez literaturan edo saiakeran edo …  Sormena eta inteligentzia kolektiboak behar ditugu, orain seguruenik inoiz baino gehiago.

8. Askatu itzazue materialak: seguru hor nonbait dituzuela egindako ikus-entzunezkoak, edo antzerki obrak, edo musika, edo jolasak, edo dena delakoak. Askatzeko momentua da hauxe: libre jarri eta denon eskura (lizentzia libreekin eta plataforma libreetan, hobe!). Adibidez, Fermin Muguruza ari da youtubera igotzen bere diskografia eta bideografia osoa edo Farmazia Beltzakoak Hondamuinean komikia edo …

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07