blogak

Garaigoikoa

(B)uztartu praktika eta teoria

Abizen politen gudan ekintzek dute hitza. Utopiaren iparrorratza ez dute imantatzen berba sakonek, lokatzean sartuta egiten diren ekintzek baizik. Ideiak dira eraldaketa sozialean dauden armarik indartsuenak bai, baina baldin eta ekintza bihurtzen badira. Ezin gara teoria politen altzoan lokartu, hankak sartu behar ditugu basatzean eta oinatz horiekin erliebe berriak marraztu lurrazalean. Baina horrek ez du esan gura planifikatu behar ez dugunik. Bai planifikatu behar dugu, baina planifikatu behar dugu ibilian. Errealitatearen aldaketei aurre hartu behar diegu, ezinbestean.

Behar dugu zolitasuna, pazientzia, zuhurtasuna eta sormena. Esanguratsuak izango diren eta esangura bera sortuko duten praktika kolektiboak behar ditugu. Antolakunde sozialak subjektu pedagogiko bihurtu behar ditugu, jakintza sortzen dute eta sortu behar dute, akademikoa bezain baliagarria izan daitekeena (formak formatzen du!). Elkarte eta abarrek ibilbide pedagogikoa egin behar dute eta, momentu batean edo bestean, akademiarekin uztartu. Eta bien arteko txirikordan haritu eta ehundu. Jakintza kolektiboa helburu, dibulgazioa helburu.

Eraldaketak egin nahi ditugu euskararen aldeko mugimendu sozialok eta, horretarako, lehenago geure buruak eraldatu behar ditugu. Eraldaketak egiten baitira nork bere burua eraldatzen. Eta horretan ere sartu behar ditugu oinak, zikindu arren, basatzean blai atera arren.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07