blogak

Garaigoikoa

Azturak

Betidanik flipatu egin naute ohiturak aldatzeko kontuek. Betidanik. Eta uste dut blogeko irakurleek honezkero igarriko zutela. Orain dela gutxi, Juanjo Ruiz lankideak formazio saio laburra eman zuen Emunen, ohiturak aldatzearen inguruan. Eta zeharo interesgarria iruditu zait.

Berak BJ. Fogg-ek idatzi duen liburu bati buruzko formazio eman zuen: Tiny habits. Konponbide errazak ematen ditu antza liburu honek (gero praktikan probatu beharko da eltzea). Horretarako, hiru pauso txiki jartzen ditu mahai gainean: seinalea, mini ohitura eta saria. Eta beste hainbat kontu. Baina agian onena da zuek horretan gehiago sakontzea

Argi dago aztura guztiak trebatu beharreko gaitasunak direla. Ohikoenak direnek ere inoiz  berariazko trebakuntza behar izan dute. Horregatik, guk Kataluniatik inportatu genituen hizkuntza ohiturak aldatzeko trebakuntzak (baina Kanadan eta samien artean ere badira hizkuntza jokabideak aldatzeko terapiak ere). Eta, horrez gain, bakoitzak bere motxila linguistikoa dakar eta, beraz, bakoitzari egokitutako terapietan hasi beharko ginateke lanean. 

Baina oraindik falta zaigu, nire ustez, hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean sakontzea. Izan ere, zelan askatzen dira korapilo linguistikoak? Bat aldatu, horretan trebatu eta, horrela, hurrengoa errazagoa izan. Edo Euskaraldiak, Aldahitzek proposatu bezala, egun batetik bestera erabateko aldaketa egiten. Karga linguistikoa zelan arintzen da ondoen? Ba, ez daukat erantzunik. 

Eta argi daukat ere, hizkuntzari aplikatuta, agentzia pertsonala garrantzitsua dela, baina ez dela nahikoa. Agentzia pertsonal hori txirikordatu behar da, ezinbestean, agentzia kolektiboarekin, askatze kolektiboarekin gurago baduzue. Hala ere, azturak aldatzeko bideek eta proposamenek zeharo liluratzen jarraitzen dute. Eta Andoni Olariagak esan zuen bezala, nik ere uste dut beharrezkoa dugula naturalizazio erradikala, hizkuntzari dagokionez. Zer egingo diogu bada! Soziolinguistika neoliberalean ere kokatuko nau baten batek!

PD: Euskaraldia neurtzeko datuak kuantitatiboa ala kualitatiboa behar luke? Ez al genuke neurtu behar pertsona bakoitzak sorrarazi duen “gatazka” kopurua?

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07