blogak

Garaigoikoa

10 kontu deigarri Kataluniatik

Aurton lehendabiziko aldiz izan naiz Katalunia barneko aldean (Bartzelonan sarritan izan banaiz ere). Hainbat kontu deigarri ikusi ditut han eta hor, eta hizkuntzari dagokionez honako hauek (10+1):

Baga

Lleidako herri bateko jatetxea gomendatu digute, oso ondo jaten omen delako. Hara joan eta ekarri digute karta. Eta … zer eta katalan hutsez! Biba zuek! Beste egun batean beste jatetxe batera joan eta karta elebidunez. Baina … gaztelaniazko itzulpena (bai, itzulpena zela igarri egiten zen) akatsez josia! Eta, azkenik, atzo bertan Terrassako beste jatetxe batean, karta ostera ere katalan hutsez!

Biga 

Egun batzuetan behin eta berriro pasatu gara Montferrer herriko poligono industrialetik. Errotulu guztiak errepasatu eta guztiak, guzti-guztiak, katalan hutsez!

Higa

Egun batean telebista jarri dugu (ez gara oso telebistazale, ez han ez hemen). Eta deskubritu dugu badela katalan hutsez 24 orduko albistegi-katea. Eta nik behintzat flipatu dut (ze urrun dagon Kamerun).

Laga 

Gero beste kate batean doblatutako film bat ikusi nuen (nahiko modernoa zelakoan nago, barkatu nire zinema kultura falta). Eta berriro kanta bera etorri zitzaidan ezpainetara.

Boga

Consum supermerkatu batean sartu eta fruta erostera jo nuen. Eta frutategia katalan hutsez (horrek ez ninduen harritu), baina fruta pisatzeko makinak prezioak katalan hutsez ematen zituen. Hori da hori!

Sega

ANCren postu batera hurbildu gara, diadarako materiala salgai zutela. Katalanez egin digute berba. Momentu batean, haietako batek esan dio besteari: hauek euskaldunak dira, egin espainolez. Eta guk erantzun, ez, inola ere ez. Ulertzen ez badugu, esango dizuegu, baina ez aldatu.

Zai 

Abuztuko egunetan albiste izan da Kataluniako ikus-entzunezkoen inguruko legea. Horri lotuta, Plataforma per la llengua-k azken hauteskundeen harira egindako dekalogoa deskubritu eta flipatu nuen. Bitartean, gurean ere ari gara, pantailak euskaraz eskatzen. Ea ba!

Zoi 

Egun batean joan ginen bunker batzuk bisitatzera. Ez genuen aldez aurretik begiratu ez erreserbatu. Hara heldu eta esan ziguten bisita katalanez zela. Guk esan genien aurrera, baina azkenean bisitako beste kideek ezetz esan zuten, eurak euren artean ere gaztelaniaz ari direla eta gaztelaniaz egiteko. Eta hala joan zen.

Bele 

Baina handik egun batzuetara Garriguella izeneko kooperatibara egin genuen bisita. Aldez aurretik erreserbatu eta hori guztia. Hara heldu orduko, gidariak galdetu zuen ea katalanez egingo zuen bisita. Eta denok baietz, guk barne. Ulertu genuen dena eta ardo kata egiten ari ginen bitartean, gidaria konturatu zen guk ez genekiela katalanez. Ahalegintxo bat egin zuen gaztelaniaz egiteko, baina esan genion ezetz, segitzeko katalanez, primeran ari ginela ulertzen. Eta horrela amaitu zuen. Bisita amaituta, han egondako bikote bat gugana hurreratu zen eta bihotzez eman zizkiguten eskerrak. Eta gu pozarren, jakina.

Arma 

Eta lehen berba, eta bigarrena eta hirugarrena ostean. Ia leku guztietan horrela artatu gaituzte eta gu pozez, inongo momentutan adierazi barik zer hizkuntzatan egin.

Tiro 

Eta ikusgarria da hango hormek, etxeek eta leihoek oihukatzen dutena. Ikusgarria! “Paretek esan ohi dute paperek isiltzen dutena”. Eta itzela zapatuan bertan Laietana kalean eta inguruetan batu ziren/ginen 400.000 pertsona. Biba zuek!

The post 10 kontu deigarri Kataluniatik appeared first on Garaigoikoa.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07