blogak

Gaitzerdi

Osasun krisian emakumeek egin zuten herri borroka kontatu zuen bertsotan Joxepa Zubeldiak, duela ehun urte

Bertso sorta epikoa jarri zion 1918ko baztanga izurriteari Matea Joxepa Zubeldiak. Kronika politiko eta sozial zorrotza idatzi zuen, zortziko txikiko 24 piezatan. Bertan kontatzen du baztangadun gaixoak Lasartetik Hernaniko Benefizentzi Etxera eramateko erabakia hartu zuela Gobernadoreak eta hernaniarrak erabaki honen aurka altxa zirela, arriskuan ikusi zutelako Benefizentzi Etxeko egoiliarren osasuna, hernaniar denena, eta herriko industriarena. Agian orain ulertuko dugu ondoen sorta hau. Bidea urratu duen bertsoak liburuxkan jaso zituen ARGIAk (13. orrian).

Garai hartako udaletxeko akta batek dio apirilaren 2an “ez klase eta ez sexu, inolako diferentziarik gabe” irten zirela herritarrak gaixotasuna zekarren konboiari aurre egitera. Eskura zituzten baliabide guztiekin egin zioten aurre fisikoki. Bertso sorta honetan emakumeak dira borrokako protagonistak eta erdiz erdi pitzatzen digu garai bateko emakumeez daukagun iruditegia. Sorta honek ere jasotzen du, udaletxeko aktak bezala, klase sozial guztietakoak irten zirela borrokara: “andre txit aberatsak / baita ere pobriak”.

Hamaika eta hamabigarren bertsoek hara nola kontatzen duten emakumeen eta guardia zibilen arteko enkontrua:

(Doinuak: Maritxu nora zoaz, pasaiako plazatik, Orioko balearena, Markesaren alaba…)

zibilak esan zigun

etxera biltzeko

baizutela baimena

odola ixurtzeko.

 

Ixurtzen badezute

odola gurekin

hil biharrak zerate

zeon zaldiekin

guziok bizkor gaude

gauza gogorrekin

 

Ez zen sinbolikoa izan erabili zuten borroka moldea, 15. bertsoak kontatzen duenez:

hustuta petroleoz

ospitala igurtzi

aguro erretzeko

kristal danak hautsi.

 

Bertso sortak kontatzen duenaren arabera, ekintza hura izan zen Espainiako agintariak baztangadun gaixoekin atzera eginarazi zituena. Orduan ere elizak hari zuzenak izan, eta Ministroen Kontseiluko lehendakari zen Maurari deitu zioten…:

Apaizak eta monjak

negar eta hausi

halako trantzerikan

ez zuben ikusi

gure monja gaixuak

belauniko jarri

eta telefonuan

Madrila Maurari.

 

Matea Joxepa Zubeldia mahai buruan, alabaz eta bilobaz inguratuta.

 

Herri bazkarian mahai gainera igota kantatu zituen bertso hauek

Honela du kontatua Matea Joxepa Zubeldiaren biloba Mikel Ruizek, Bertsoaren Haria Hernanin liburuan: baztangari aurre egin eta irabazi zutela ospatzeko, herri bazkaria egin zutela Ezkiaga pasealekuan eta bertsolariak, aulki bat mahai gainera igo eta bertan eserita kantatu zuela sorta hau. Ez zegokion harrotasunik eta ohorerik plazandreari, horrela kontatzen zuten bertsolariaren alabek: “zer lotsa guretzat, gure ama mahaira igo zenean jende guztiaren aurrean bertso haiek kantatzera!”.

Gainerako sorta denak erre zizkioten bertsolari ilustratua

Bertso sorta epiko hau da Zubeldiaren obra aberatsetik geratu den pieza bakarra. Bere biloba Mikel eta Joxan Ruizek gogoan dute amona idazle eta bertsolaria zela:

“Gure amak esaten zuen elizan kantatzen ziren kantu batzuen hitzak Joxeparenak zirela”.

“Luma eta tinteroarekin idazten zuen. Poesiak, errezu asko eta bertsoak”.

“Papeleratik paper roiloak ekartzen zituzten. Nik ikusten nuen berak nola egiten zituen orriak, papera neurrira moztuz. Eta orratzarekin eta liztaiarekin josiz, pasta bat jartzen zien aurre eta atzean eta koadernoak osatzen zituen. Denbora librerik zuenean idazten zuen eta bere koadernoak erakusten zizkidan”.

“Oso ilustratua izan behar zuen. Koaderno pila idatzi zituen”.

Nolaz ez dira bertso sorta gehiago iritsi, orduan? Testigantza gogorra, Mikel Ruizek egindakoa: “Alabak oso lotsatzen ziren ama bertsolari zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako. Eta ama hil zenean alabek koaderno denak erre zituzten. A zer galera!”.

The post Osasun krisian emakumeek egin zuten herri borroka kontatu zuen bertsotan Joxepa Zubeldiak, duela ehun urte appeared first on Gaitzerdi.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07