Aspaldi izan zen aurreko greba orokorra. Aurreko grebetan herri kaxko askotako komertzioa ia erabat itxi arren, merkatal gune handietan apenas nabaritu izan zen grebaren eraginik. Greba hau ezberdina izan da Usurbil merkatal gunean:
Ehun grebalari inguru elkartu dira Urbil merkatal gune aurrean, ateak irekitzeko ordua baino lehen. Ertzainak daude atean. LAB sindikatuko kide bat joan da ertzainekin hitz egitera. Grebalariei azaldu dienez, ertzainek hiru kideri utziko diete sartzen, ez besteei. Sartuko diren hiru kideak identifikatu egingo dituzte, gainera.
Sesamo Auzoa telebista saio mitikoko Koko-k azaldu ahalko luke greba goiz honetan “kontsumitzaile” eta “grebalari”en arteko aldea, poliziarentzat:
– Grebalariek ezin dute sartu. / Kontsumitzaileei “pasa lasai” egiten diete ongi-etorria.
– Grebalarien artetik sartzen diren hiru kideak identifikatu egingo dira. / Ertzainek “kontsumitzaile” gisa identifikatzen dituztenei, ez die karnetik eskatuko.
Grebalariek erabaki dute denak batera sartuko direla, jakinik hiru identifikatuko dituztela, eta gero gerokoak. Bideo hauetan ikus daiteke gertatu dena:
Tentsioa @CCUrbil en, ertzainak galerazi baitie grebalariei barrura sartzea #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/mAgsVaSSWj
— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020
Ertzainek @CCUrbil eko sarrera alarazteko porra kolpe batzuk ere eman dizkiete grebalariei #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/NKcrX1o9pX
— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020
Dani Blancoren argazkiek ez dute mugimendu beharrik:
Gutxi batzuk izan dira barrura sartzea lortu dutenak. Gainerakoak ateetan geratu dira, aldarrikapenak oihukatuz. Sartu den gutxi horietako bat izan da LABeko kide Elias Miner. Bideo honetan kontatu du barrura sartutakoan aurkitu dutena:
Ate nagusi honetatik kontsumitzaileak tantaka sartu dira lehen ordu hauetan. Bost minuturo erosle bakarra edo bikote bat, irudikapen bat egiteko. Grebalariek gaur ez dela kontsumitzeko eguna oihukatu diete, eta atea ertzainez josita ikusita, atzera-aurrera egin ez zekitela geratu dira gehienak. Batzuek barrura, besteek buelta egin dute.
Gasolindegi automatiko aurrean eserialdia
Langilerik ez dago Urbil merkatal guneko gasolindegian. Automatikoa da, ordea, eta gasolina kontsumoa oztopatzeko eserialdia egin dute grebalariek gasolindegi sarreran.
Laster etorri da ertzainen furgona. Eserita zeudenak lasai lasai altxa eta joan egin dira. Ertzainek bat apartatu eta karneta eskatu diote (beheko argazkian):
Donostiako manifestaziora abiatuko dira grebalariak. Merkatalguneko aparkalekuan batzuek han eta besteak hemen taldetxotan daudela, ertzainak taldetxo batengana joan dira eta beheko txioak kontatzen du Urbileko goizaren amaiera:
. @CCUrbil eko kontzentrazioa bukatu eta bakoitza bere kotxeetara zihoala, ertzainek bultzada hartu dituzte batzuk. Mikel Olabide @argia – ko lankidea argazkiak ateratzea Gatika inguratu dute. Bideo hau hartzeagatik identifikatu naute, oraingoan kazetari modura #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/VEe2XjL1kN
— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020
Ekuazioa
Lasarten goizean identifikatua izan ostean (kazetari txartela eman diot ertzainari, baina hori ez du eraman nahi izan eta estatuaren karneta hartu dit), eta Urbil merkatal gunean eguerdian kazetari moduan identifikatua izan ostean (kazetari txartela hartu dit ertzain honek), ekuazio hau atera daiteke:
Ertzainak herritarren bat besteengandik urrundu eta identifikatzen duen bitartean grabatzen ari den pertsona identifikatuko du jarraian. Zergatik ez du kamararik nahi jarduten duen bitartean? Koko-k ere azalduko luke erantzuna…