blogak

Gaitzerdi

Irabazten jakin, txapela kentzeko moduan

Txikitatik dira txapeldun Gaztelumendi anaiak. Beti da zaila irabaztea. Beste zerbait da, txapela kentzeko moduan txapela eramatea. Hala zeramaten irabaztearen kontua bi txikitoek.

Erraz egiten zuten bertsotan Hernaniko bertso eskolara lehen aldiz etorri zirenerako. Aldiz, bere adin bereko bertso eskolako kideentzat hasiera garaiakĀ  ziren. Eta zer? bertso bakoitza entzunaz gozatzen zuten. Taldeak bakoitzari aitortzen zion bere “bertsotarako gaia”, bakoitzak txiripaz edo intentzio osoz, bertsotara eramatea lortu zuen zera hori. Plazako bertsolariak miresten zituzten, bati entzundako bertsoa eta besteak txapelketa hartan kantatutakoa ikasi eta maiz kantatzen zituzten kideen artean. Elkarrekin ilusio handiz prestatzen zuten txapelketa eta batez ere, taldekako agurra:

 

“Gure auzoa ezagun

egin du Unanuek

berdin egingo degu

gaur bi enanuek!”

 

Bota zuten taldekako agurra, mikrofonora hanka-puntetan jarrita ere ozta-ozta iristen ziren pottoki ahotsdun garaian. Eta txapelak iritsi ziren, bata bestearen atzetik.

Poza begietan eta irri lotsatian azaleratu zuten. Lorpena edozein izanik ere, futbolarien gol txoro bakoitzaren osteko ospakizun arranditsurik ez zitzaien ikusi.

Bertso eskolan ospatu genuen final bakoitza. Saioko une gogoangarrienak biziberritzea zen kontua, litxarreria kraskatsu eta gasdun freskagarriak irentsi artean. Bakoitzak besteen bertsoaldi loriatsuenak kontatzen zituen parodia ahalik ongien eginez, inork ez zituen norberaren bertsoak nabarmendu inoiz.

 

Irakurriko genukeen errelatoa

Kide guztiak bezala, bi ume izan ziren. Ia inor bezala, ia txapela guztiak jantzi zituztenak. Eta helduen begirada ere bazuten: bertsotan kantatzen zituzten arrazoiak, ez ziren beti bizitza laburrak emandako eskarmentutik ondorioztatuak. Nondik zetozkien? Bertso zahar eta berriz gainezka zuten ganbaratik, noski, Xabier eta Pili gurasoek umeen zaletasunari jaten eman izanari esker. Ume artean bat gehiago ziren eta bazekiten helduen artean portatzen, gai ziren Usurbilgo bertso eskolan helduekin arratsalde ederrak pasatzeko.

Umeen bizipenak zituzten, eta aldi berean, bazuten egoeraren kanpoko begirada heldu hori, kritikoki aztertzeko txapelketen presioa, bereizteko hedabideetako momentuko aparraldia eta egunero bertsolaritza bizitzearen poza, erlatibizatzeko garaipenen balioa eta pasatutako une larrienak umorerako gai bihurtzeko.

Umetatik hainbestetan irabazi duen Gaztelumendi batek, kontatuko balu zergatik izan zuen hasieratik bere ikaskideen aurrean ez nabarmentzeko jarrera fin eta inteligente hori, eta tartekatuko balitu bere ume bizipenak eta garai hartan bertan zeukan bere bizipenen kontzientzia heldua, opari ederra litzateke gaur egun dena irabazi behar duten umeentzat eta baita arrakasta pertsonalerako gakoz apalategia beterik duten helduentzat ere.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07