Villabonako Erniobea ikastetxean guraso bat 2022-2023ko liburuak mailegutzarako prestatzen.
Testuliburuekin irakasten duten ikastetxeetan, gurasoek urtero hauetan egin behar duten inbertsioak badu bere pisua, sareetan irakur daitekeenez:
Semearentzat eskolarako derrigorrezkoak diren testu-liburuak erostetik nator. Diru laguntzak eskatzeko gutxigatik kopurua gainditzen dugun familia gara.
Amaitu dira hilabete honetako extra guztiak.
Hitzik gabe geratu naiz. pic.twitter.com/kXWxLuqfHY— leire alberdi arriola (@koloretan) September 3, 2022
Datorren kurtsorako semeak beharko dituen liburuak enkargatu berri (3 bakarrik, beste guztiak bsditugu).
120€ hiru liburutengatik, hezkuntza publikoan… #TOetaNO— Gari Garaialde (@GariGaraialde) August 3, 2022
Atzo seme nagusiaren eskola liburuak (DBH) erosi genituen; 243 €. Zenbat familia estu ibiliko dira! Eskola liburuak doakoak izan beharko lirateke hezkuntza publikoan. Hemen nire liburu batzuk; jende gehienaren ahalmenetik urrun.#Ekitatea #EskolaPublikoa pic.twitter.com/rzUP5hKPNb
— Aitor Montes Lasarte (@LasarteAitor) September 4, 2022
Kontuan hartzekoa da, bestalde, Jaurlaritzak 2. eta 3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleentzat ematen duen ikasmaterialerako beka ez dela iristen liburuak ordaintzera: 159 eurokoa baita beka. Gurasoentzat zaila da ulertzea zergatik ematen duen aukera Jaurlaritzak DBHko 1. eta 2. mailetan liburuak mailegutzan hartzeko aukera (“liburu solidarioa” programaren bidez) eta ez duen horrelakorik eskaintzen hurrengo bi urteetan.
Arratzain Guraso Elkarteak mailegutza sistema ezarri du 3. eta 4. mailetan
Villabonako (Gipuzkoa) DBHko ikastetxe publikoa da Erniobea, eta bertako Arratzain Guraso Elkarteak mailegutza sistema ezarri zuen 2020-2021 ikasturtean 3. eta 4. mailako ikasleentzat, Jaurlaritzaren aldetik zegoen gabezia honi erantzuteko asmoz. 50 euroko kuota ordainduta mailegutzan hartzen ditu ikasleak behar diren ikasliburu denak. Guraso Elkarteari milaka euroko inbertsioa eskatu dio mailegutza martxan jartzeak, baina badakite honek familiei ekarriko diela seme-alaba bakoitzeko 400 euro inguru aurreztea (ikastutero bataz beste ikasliburutan 250 euroko kostua dagoela oinarri hartuta).
Nola jartzen da martxan liburuen mailegutza?
Guraso elkartea lehenik saiatu zen 3. eta 4. mailetako ahalik liburu gehien lortzen. Horretarako, 2019-2020 ikasturte bukaeran eskaintza hau egin zien 3. mailako ikasleen familiei: erabiliak zituzten 3. mailako liburuak guraso elkarteari ematea, eta trukean, hurrengo ikasturterako 4. mailako liburuak doan jasoko zituztela.
4. maila bukatu berri zuten ikasleen familiei ere eskaintza hau egin zien guraso elkarteak: erabili berri zituzten 4. mailako liburuak guraso elkartearen esku uztea, eta trukean 50 euroko bonoa jasoko zutela, herriko liburu-dendetan gastatzeko.
Familiei eskaintza hori eginda, 3. eta 4. mailetako hainbat liburu eskuratu zituen guraso elkarteak. Aldi berean, ikastetxeak familia guztiei bidali zien oharra martxan jartzera zihoan mailegutza sistemaren berri emanaz, eta familiei galdetuz ea hurrengo ikasturtean 3. eta 4. mailako zein ikaslek hartuko zituen liburuak mailegutzan. Eskari zerrenda hori hartu zuen guraso elkarteak, eskuratuak zituen liburu sortekin alderatu, eta falta ziren liburuak erosi egin zituen, herriko liburu dendetan.
2020-2021 ikasturtean eraman zuten Erniobean praktikara lehen aldiz mailegutza sistema eta ikasturte honetan bigarrenez egingo dute. Guraso elkartearena izan da ekimena eta inbertsioa. Baina hasieratik ikastetxeko zuzendaritzarekin elkarlanean eraman dute aurrera mailegutza eta guraso elkartearen hitzetan, elkarlan hori gabe ezinezkoa izango zen martxan jartzea. Lanak guraso elkartearen eta zuzendaritzaren artean banatu dituzte, prozesua ahalik errazen egin dadin: ikasleei erabilitako liburuak jaso, zein egoeretan dauden ikusi, konpondu, behar direnak erosi, hurrengo ikasturtean zein ikaslek beharko dituzten zerrenda osatu, gurasoei mailegutza kobratu, ikasle bakoitzarentzako liburu sortak prestatu, liburuak banatu…
Orixen ikasliburuen azoka egiten dute
Tolosako Orixe institutuko guraso elkarteak azoka antolatzen du, familiek aurtengo ikasturtean erabilitako liburuak saldu eta hurrengo ikasturtekoak erosi ditzaten. Baina azoka arautua da, ez du merkatu librearen logikak agintzen. Liburuak guraso elkarteari saltzen zaizkio zuzenean, eta guraso elkarteari erosten.
Lagunarteko saretik sare komunitariora
Zorionez, familia asko dira liburuak erosi beharrean senide, lehengusu edo lagun zaharragoen liburuak berrerabiltzen dituztenak. Baina guraso elkarteek martxan jarritako ekimen hauek (eta honen moduko besteek) aukera familia guztiengana zabaltzen dute eta eskuz eskuko liburu erabilera errazten eta eraginkortzen dute. Izan ere, laguntasunezko harreman sareak ezinbestekoak badira ere, beti geratzen baita jendea sare horietatik kanpo.
Ikasturte hasieran dugu aukera guraso elkarteetan kide egin eta honen moduko ekimenak martxan jartzeko. Prezioen gorakadaren eta hezkuntzako zeinnahi gairen kritika alternatiba bihurtzeko.
The post Ikasle bakoitzeko liburutan 200 euro aurreztuko dituzte familiek ikastetxe honetan appeared first on Gaitzerdi.