blogak

Gaitzerdi

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Hitzaldi berezia eskaini genuen urriaren 10ean Zizurkilen, udalak antolatuta: bailarako bi bertsolari handiren bi alaba hartu genituen ardatz, eta bi emakume haiei esker gaur arte iritsi zaizkigun bertso (batzuk oso) ezagun eta (denak) ederrak entzun ahal izan genituen, Unai Mendizabal eta Oihana Iguaranek kantatuta eta Tomax Lizardik gitarraz lagunduta.

Ahalik lasterren jarriko dugu bideoa hemen bertan.

 

Aleak hautatu eta gordetzea: kultur lan funtsezkoa emakumeen esku

Emakumeek kulturan lan oso funtsezko hau ere egin izan dute: etorkizunerako haziak hautatzea. Etxeko uztatik, bertako ondasunetik, aleak hautatzea eta etorkizunerako gordetzea, berriz ereiteko. Hazien hautaketa horrek etxean belaunaldiz belaunaldi metatzen den kultura gordetzen dute: dugun horretatik zeri ematen diogu balioa? Nola gorde, nola zabaldu? Hitzaldira bertaratutako entzuleek oparitxo batekin egin zuten topo aulkian: babarrun eta arto aleak biltzen zituen kartoizko kaxatxo bat, kanpoaldean emakume bertsolari baten bertsoa idatzita zuena (emanaldian entzungo genuen bertsoetako bat zen).

 

1896an Arrasateko Euskal Jaietan: Joxe Zapirain, Pello Errota eta Pedro Mari Otaño. Pello Errotaren alaba zen Mikaela Elizegi, Pedro Mari Otañoren lehengusua zen Adriana Otaño.

 

Bailarako bi bertsolari familietako bi emakume dira artikulu honetako protagonista: Mikaela Elizegi, “Pello Errotaren alaba” gisa ezaguna dena, eta Adriana Otaño, Plazida Otaño bertsolariaren ahizpa txikiena, Jose Bernardo bertsolariaren alaba, Pedro Mari Otaño bertsolariaren lehengusua. Eta hara nola datozen pare-parean bi emakume hauek bertso haziak hautatzeko eta gordetzeko langintzarekin. Horrela du idatzita Pedro Mari Otaño eta bere ingurua liburuan Antonio Zavalak (13. orrian): “Adriana,  Jose  Bernardoren alaba. Ura bezin iturri oparorik ez nuala arkituko. Ala, bi edo iru bider bisitatu nuan. Izketaldi aietatik atera nuana liburu ontan arkituko du irakurleak. Bide-gurutze batean arkitu nintzan, ordea, une artantxe. Adriana onek larogei ta bi urte zituan. Pello Errotaren alaba Mikelak, berriz, larogei ta amairu. Noren oroipenak biltzen asiko nintzan? Zalantza ortan denborarik galdu gabe, zaarrenarengana jo nuan. Orrela osatu zan Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburua. Beste aldera artu izan bagendu, Jose Bernardo Otañoren bizitza bere alabak kontatua liburua izango genduan. Bitartean, ordea, Adrianari mundu ontatik joan bearra iritxi zitzaion. Mikelak, berriz, beste sei urteko bizitza izan zuan”.

Adriana Otaño Odriozola

1880an jaio zen Zizurkilen, Errekalde baserrian. Aita Jose Bernardo Otaño bertsolaria zuen eta ama Klara Inazia Odriozola Urbiztondo, Beizamakoa. Bederatzi anai-arrebetatik zazpigarrena zen, Plazida zuen ahizpa zaharrena. Adriana, Inazio Bengoetxea Martiarenarekin ezkondu zen eta Adunako Belen etxean bizi izan ziren.

Teodoro Mujikak honela kontatu zion Antonio Zavalari: “Egun batez, hauxe galdetu nion:

– Adriana, zure aitak bai al zuen ohiturarik etxean edo familian bertsotan aritzeko?

– Bai, mutil, bai. Gehienean bere semeren bat edo alabaren bat izaten zian lagun egiteko, eta bakarrik ere kantatzen zian harek, etxean edo familian. Ura hartarakoxea huan, eta hari etzitxion hori kentzerik”.

Beraz, etxean bertsotan egiten zuten garai hartan, ez tabernan bakarrik. Eta etxean gizonak eta emakumeak aritzen ziren bertsotan. Adriana Otaño eta Mikaela Elizegiri esker dakizkigu beren familiako gizon bertsolari handien bertsorik intimoenak, bizitzako gorabeherei lotuen dauden bertsoak. Adibidez, Adrianari esker iritsi dira gaur arte Pedro Mari Otañok eta bere osaba Jose Bernardok (Adrianaren aitak) elkarri kantatutako bertso epiko hauek:

Pedro Mari ohearen bila

Adriana Otañok horrela kontatua du Otaño eta bere ingurua liburuan: “Pedro Mari Otaño Amerikatik etorri zan. Donostiko Lasarterekin zan. Bere lagun bat zuan hori, oso gizon balientea. Atea piska bat iriki zutela uste det, eta Pedro Marik kantatu zuan:

 

Pedro Mari Otaño. Iturria: “Otaño eta bere ingurua” liburua.

 

 

Nere osaba, ez baldin badu

eginkizun aundin bat hor,

gizon bat dago berorren galdez,

ate ondoraño betor.

Bedorrek ondo dakiena da

agintzen dana dala zor

bera jaio zan ohiarcn bila

iloba oraintxen dator.

 

Ni aditzen nengoan. Eta gure aitak [Jose Bernardo Otañok] honela erantzun zion ate barrendik:

 

Jose Bernardo Otaño. Iturria: “Otaño eta bere ingurua” liburua.

 

 

Nere illoba, esaten dizut

ongi etorri zerala,

jaiotako ohia jantziko dizut

gusto haundiz berihala,

arropa zuri ederrenakin,

parpallak darizkiola,

sinistamena eman deizudan

bihotzez nahi dizudala.

 

Besterik ez dakit kantatu zuten. Orduan ateak iriki ta barrena sartu ziran Donostiko Lasarte haundi hori eta Pedro Mari. Ama sukaldean eta ni sukaldera joan nintzan korrika, berari esatera:

 

-Ama, ama, bertsotan ari dira! Eta amak esan zidan:

– Bai, bai. Ixo, ixo. Egin dezatela.

 

Bitartean kantatuko zuten gehiago. Baina ez nituan aditu. Hala beharko zuan. Ni neska koskorra orduan”. Adrianak bederatzi edo hamar bat urte izango zituen orduan. Baina bazuen bere ingurukoen bertso aleak hautatu eta gogoan hartzerakoan, kantatuak izan ziren bezala hartzeko nahi hori. Izan ere, Adrianak honelatsu esan zion Antonio Zavalari 1960 urte inguruan: “Lehengoan hemen kantatzen ari ziren bertso horiek, eta esan nuen: ‘Ez da hori horrela’. Nik han aditu nituan”.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07