Zorte onez eta uste baino lehenago lan egiteko ordua iritsi eta fisioterapeuta ofizial moduan jaso dudan lehen pazienteak zer eta fasziopatia plantar edo orpo plantarreko mina zuela esan zidan. Orduan hasi ziren arazoak sortzen nere buruan; ondo egin al dut balorazioa? Nola tratatuko dut? Zein ariketa bidali diezaioket? Eta beste mila galdera buruan. Honi aurre egiteko, honen inguruan dagoen ebidentziaren bila hasi nintzen. Askotan, artikuluak irakurtzeak aspertu egiten nau eta blog desberdinetara joan ohi naiz informazio bila, irakurketa eramangarriagoen bila. Kasu honetan, gai honen inguruan asko mintzatu izan den Tom Goom-en blogean aurkitu dut jarraian idatzi dudana, bere informazioa baliogarria iruditzen zaitelako eta eguneratua dagoen fisioterapeuta iruditzen zaidalako.
Badirudi, oinzolako fasziopatia tendinopatiekin antzekotasunaduen baldintza dela. Patomekanika nahiz oinzolako faszian gertatzen diren aldaketa biologikoak nolabaiteko parekotasuna dutela tendoietan gertatzen diren prozesuekin. Beraz, tendoien munduan oso ezagunak diren bi fase bereizten dira hemen ere: mina dominantea den fasea (“tendinopatia erreaktiboa” deritzona) eta, bestetik, karga dominantea den fasea (“tendinopatia degeneratiboa” deritzona).
Balorazioa eta diagnostiko diferentziala alde batera utzita eta oinzolako fasziopatia duela onartuta, arazo honek dituen arrisku faktore eta tratamenduan zentratu naiz. Oinzolako fasziopatia (OF) klinika mailan buruhauste handiak sortzen dituen baldintza da, alde batetik, patologia honen jatorria ez dagoelako oso argi eta, bestetik, literaturan honen inguruan ez dagoelako gida zehatzik ezta tratamendu plan zehatzik ere. Beraz, lehen pazientea erronka ederra!
Arrisku faktoreak asko dira eta emaitza desberdinak azaldu dira ikerketetan, askotan kontraesanak ere bai. Pertsona hetereogeneoetan gertatzen den baldintza da, eliteko kiroleko pertsonetan, pertsona aktibo zein sedentarioetan. Arrisku faktoreak intrinsekoak eta extrinsekoak izan daitezke, baita faktore aldagarriak eta aldaezinak direnak. Kasu honetan, lehenengo sailkapena erabiliko dut. Faktore intrinsekoak dagokienez, esan bezela, emaitza aldakorrak agertu dira. Gorputzeko masa indizearekin erlazioa duela ikusi da, logikaz, zenbat eta pisu gehiago izan indar mekaniko handiagoak jasango baititu fasziak. Oineko jarrera kontan hartuta, arku plantar baxua OF-rekin erlazionatzen da baina baita ere arku plantar altua, beraz, zer konsideratzen da altua eta zer baxua eta zergatik uste duzue bi kasuekin dagoela erlazionatuta? Badirudi, oinaren gehiegizkoa pronazioak eta beheko gorputzadarren arteko luzeera desberditasunak korrelazioa duela OF sufritzearekin. Egitura desberdinen propietate elastikoak ere bere eragina dutela ikusi da; besteak beste, Akileseko tendoiaren gehiegizko zurruntasunak eta iskiotibialen elastikotasun faltak erlazio izan dezakeela ikusi baita.
Orain arte aipatutako faktore intrinsekoak egitura anatomiko jakin batzuk baldintzatzen dituzte. Batzuk zioten zangoko eta oineko muskulatura intriseko ahula izateak (atzeko tibialaren ahultasunak, karga areagotzen zuela faszian zioten) erlazioa zuela, eta beste batzuk, zehatzago izanez, oineko ebertsoreen eta behatzen flexoreen indar faltak OF-rekin korrelazioa zuela aurkitu zuten. Mugikotasun artikularrak ere bere papera baduela ikusi zuten batzuek, orkatileko dorsiflexio eta behatz lodiaren estentsio murriztu edo mugatuak erlazioa izanik OF. Hala ere, 2016an argitaratutako paper honek orain arte aipatutako arrisku faktoreak baztertu eta ROM aldaketak, indarrak eta oinaren jarrerak OF baldintzatzen ez zutela ondorioztatu zuen.
Faktore estrinsekoetan ere intrinsekoetan gertatzen zen berdina gertatzen da, emaitza oso aldakorrak dira eta ez dira batere argiak. Ariketa fisikoaren (normalean korrikalariek sufritzen duten arazoa denez korrika hartuko dut eredutzat) barruan bi aldagai aurkitzen dira, alde batetik karga kantitatea eta bestetik teknika. Kantitateari dagokionez, bolumena (saio bakoitzeko denbora edo km-ak), frekuentzia (astero zenbatero), erritmoa (denbora/km-ko) eta ingurunearen ezaugarriak hartu behar dira kontuan. Kasu honetan ere emaitza aldagarriak dira, batzuek distantzia aipatuz arrisku faktore nagusitzat eta beste batzuek erritmoa. Honez gain, badirudi ingurune aldapatsuak arriskutsuak direla OF garatzerako orduan.
Korrikako teknikak ere badu zeresana OF-an. OF eta korrikaldiko karga bertikalaren artean korrelazioa dagoela. Hau horrela izanik, badirudi, kadentzia eta pausu ratioa areagotzeak oinzolako karga murriztu, karga bertikalen ratioa murriztu, korrikaldiko hasierako zein erdiko fasean dorsiflexioa murriztu eta gluteoen aktibazioa areagotzen duela fasziari karga gutxituz. Korrikaldian zehar hankaren lurreratze bigunagoa egiteak ere karga bertikalen ratioa gutxitzen zuela ikusi zuten. Beraz, pausu azkarrago eta laburragoak emanez eta lurreratze bigunagoak egitea gomendatzen da, betiere, korrikako teknika aldaketa hauek ez duten minik eragiten beste gorputz atalen batean edota korrika saioa asko ez duten gogortzen.
Oinetakoek ere teknikarekin erlazio zuzena dute. Baldintzatzaile asko daude oinetakoak aukeratzerako orduan, teknika, pisua, korrikaren maiztasuna etab. Argi dagoena da, pertsona bakoitzaren araberakoak erabili behar direla, hau da, nahiz eta teorian gauza asko suposatu, minik ez duen edo mina murrizten duten zapatilak erabiltzea dela gomendagarriena. Hala ere, biomekanika aintzat hartuta, oinetako minimalista edo lauak direnak, printzipioz sintomatologia okertuko lukete, orpoko atala txikiagoa izanez, orkatileko dorsiflexioa handitu eta akiles nahiz oinzolako faszian tentsioa areagotuko luketelako. Ordea, sintomatologia gutxituko luketenak aurkakoak dira, orpotik hasita hatzetarainoko plataforma edo takoa dutenak.
Oinzolako fasziaren kargekin erlazioa duten faktore guztiak aipatuta honi aurre egiteko interbentzioa arrisku faktore horiek ahalik eta gehien murriztea izango litzateke. Beraz, aurrean dugun pertsona baloratu eta gure pazientearengan zein arrisku faktore den nabarmenena identifikatzea da helburua.
Orain dela gutxi arte, OF-ren inguruko ikerketak, ortesi, luzaketa eta ariketak ez diren beste interbentzioek zuten eraginkortasuna aztertu da. Hauek plazeboak baino eraginkortasun handiagoa zutela ikusi da. Fisioterapia aldetik azpimarratu nahiko nuke DiGiovanni eta taldekideak egindako ikerketa, faszia luzatzeak hobekuntza zuela ikusi baitzen. Hala ere, paziente askok sintomak izan ohi dituzte epe luzera eta tratamenduaren giltza aurkitzea zaila izan ohi da batzuetan.
Horri aurre egiteko, badirudi, karga eta fasziaren inguruko muskuluen indartzea luzaketak egitea bakarrik baino eraginkorragoa dela. Tom Goom-ek sortutako protokoloa interesgarria iruditzen zait, azken finean, orkatila eta hankeko muskuluak indartzeko planning orokorra delako. Helburua, oinzolako fasziaren karga gaitasuna areagotzea da, azkenik, pazienteek eguerokoan egiten dituzten jarduerak minik gabe egiteko aukera izan ditzaten.
Hori lortzeko karga mailakatua ezinbestekoa da. Sintomek gidatuko dute etengabe birgaiketa prozesua. Momentuan eta hurrengo egunean minik sortarazten ez duten ariketak egin behar dira, edo min oso gutxi sortzen dutenak, progresiboki fasziari karga handiagoak behartzen dizkioten ariketak proposatuz. Eta azkenik, pazientearen egunerokora itzultzen saiatu behar da, ariketa fisikoaren preskripzio egokia gauzatuz. Hau da, korrika egitera iritsi baino lehen distantzia/frekuentzia aldagaiekin jolastu, kontuan hartuz mina ez dela izan behar 2 puntu baino handiagoa EVA eskalan ariketaren momentuan. Eta horrez gain, minak jarduera egin ostean eta hurrengo egunean murriztu egin behar duela kontuan hartu behar da, bestela estimulua handiegia izan dela konsideratuko dugu. Ez ahaztu oinzolako fasziak tendoien antzeko estruktura duela eta beraz, moldaketa eta adaptazio gaitasuna ez dela berehalakoa, beraz errespetatu denborak, ariketen arteko tarteak, bestela huts egiteko arriskua handitzen da.
Horixe izan da arrisku faktore eta tratamenduaren inguruan garrantzitsuena iruditu zaidana. Hala ere galdera asko sortu zaizkit honen inguruan, laguntzerik bai? Hauek dira horietako batzuk:
Milesker irakurketagatik! Espero det aberasgarria izatea zuentzat eta erantzunen zain gelditzen naiz. Eztabaida eta ikuspuntu interesgarriak elkarbanatu daitezke gai honekin, beraz, aurrera!