Artikulu berriek artikulu zaharrak eguneratzen dituztenez, lehenengo inpresioan ematen du ez duela merezi gai berari buruzko artikulu zaharragoak irakurtzea, ezta? Nik ere horrela pentsatzen nuen baina, horretan niharduela, konturatu naiz artikulu “zaharrak” badutela bere balioa. Alde batetik, zientziaren trazagarritasuna agerian geratzen da (zein izan da gaurko ondorioetara ailegatzeko prozesua?); bestetik, artikulu berrietan ez dira artikulu zaharren ondorio guztiak jasotzen, baizik eta egileari interesatzen zaizkionak bakarrik. Horretara, bigarrengo mailako hainbat ondorio interesgarri ez ditugu ezagutuko, artikulu zahar hori irakurri ezean. Gainera, “atzetik aurrera” irakurtzea ulermenarendako ariketa bikaina da.
Ez dut gogoratzen noren bitartez eskuratu dudan artikulu hau: “los vascos” talde konspiratzailea? “alde ilun (espainolera)” ihes egindako laguna? #IronicModeOn . Tamalez ez nuen apuntatu. Edozein dela ere, eskerrik asko berari irakurketa interesgarri honen berri ematearengatik:
Beraz, hemen komentatu genuen artikuluaren gai bereko errebisioa da, baina urte bi lehenagokoa: “Opioid Special Issue” izeneko ale berezi batean argitaratutakoa. Betiko moduan, irakurri ahala, niretako interesgarriak izan diren zenbait erreferentzia apuntatu ditut:
Aurkikuntza hauek praktikara eramatean, autoreek ez dute zalantzarik jartzen ariketa fisikoaren komenigarritasunari buruz: entsegu puntual hauetatik aparte (laboratorioko baldintzetan eginak, nolabait esateko), min kronikoa duten paziente guztiek –sentsibilizazio zentraldunak edo ez- bizimodu aktiboa eta ariketa behar dute, aholku orokor gisan; kontua da ariketa nola dosifikatu. Egileek zenbait irizpide proposatzen dituzte (paziente bakoitzaren neurrira eginiko entrenamendua; intentsitate baxua, sintomak ez pizte aldera; mingarriak ez diren muskuluen ariketa; arlo kognitibo-emozionala aintzat hartzea; neurofarmakoen paper lagungarria…), baina haien ebidentzia ahula seinalatuz; horixe da, hain zuzen ere, bi urte geroagoko artikulu honetan landuko dutena.
***
Oier Gorosabel Larrañaga