blogak

Filipinetatik

Sitio-egoera Filipinetan

Pasaden maiatzaren 23an Rodrigo Duterte presidenteak sitio-egoera ezarri zuen Mindanaoko uhartean. Erabakia ez da nolanahikoa izan. Mindanaon Filipinetako populazioaren laurdena (25 milioi lagunetik gora) bizi da eta Luzon eta gero artxipelagoko 2. irla handiena da. Neurri berriak oraingoan morbo eta oihartzun gutxi sortu du mendebaldeko hedabideetan. Dirudienez honelako neurriek ez diote giza eskubideen egoerari kalte egiten. Erabakia Marawiko liskarren ondotik hartutakoa izan arren, ideia hori aspaldian zebilen Rodrigo Duterteren buruan bueltaka. Iazko abenduan esaterako ustekabean pasa diren adierazpen batzuetan Rodrigo Dutertek Mindanaoko gerrilla islamiarra Marawi erasotzera desafiatu zituen.

Mairuen erresistentzia armatua

Inbaditzaileen kontrako erresistentzia eta borroka historia luzea dute Mindanaoko herritarrek. Espainiako koroak 333 urtez irla konkistatzen saiatu bazen ere ez zuen inoiz kontrol osoa bereganatu. Amerikako Estatu Batuak Filipinak okupatu zituenean Mindanaoko mairuak inperioaren kontra altxa ziren. Matxinada hura 14 urtez luzatu zen. AEBak konkistarako gerra konbentzionala gerra demografikoarekin uztartu zuen. Washingtonek mairuak desagerrarazteko Filipinetako eskualde kristauetatik Mindanaora migrazio uholdeak bultzatu zituen. Hamarkada gutxi batzuetan mairuen hizkuntzak, etniak eta erlijioak gutxituak egotera pasa ziren.

KALINAW MINDANAO POSTER

Gobernuaren bonbardaketen eta terrorismoaren aurkako kartela (irudia: Rmp Nmr).

II. Mundu Gerran mairuak beste behin kanpo inbaditzaileen aurka altxatu ziren, oraingoan japoniarren aurka. II. Mundu Gerra ondoren egindako sakrifizioaren ordainean, AEBak balizko independentzia aitortu zioten Filipinei. Independentziarekin ordea mairuak ez zioten borrokatzeari utzi. Batetik, ez zirelako Filipinetako nortasun neokolonialarekin identifikatzen eta bestetik, ez zutelako Manilako elite ekonomikoen proiektu politikoaren parte izan nahi. Hurrengo hamarkadetan AEBen politikei jarraipena eman zion gobernu zentralak eta mairuak kulturalki eta ekonomikoki baztertzen segitu zuen.

Gaur egun, irla osoan gatazka armatuak oraindik dozenaka zenbatu daitezke. Gatazka horien arrazoiak elkarren artean oso desberdinak izan arren bi ardatz nagusietan zatitu ditzakegu: batetik, ardatz kultural-erlijiosoa (islama vs. kristautasuna) eta bestetik, ardatz politiko-ideologikoa (komunismoa vs. kapitalismoa). Nolanahi ere, zatiketa eta sinplifikazioen gainetik gatazka guzti horiek hemen azaldutakoa baino konplexuagoak dira.

Marawiko liskarrak: ISISen itzala

Aipatutako ardatz kultural-erlijioso horren baitan azken gatazka Filipinetako ejertzitoak Marawi hirian (Lanao del Sur probintzian) Isnilon Hapilon gerrilla islamiarren buruzagietako bat atxilotzeko edo hiltzeko ahaleginarekin piztu zen. Plana ez zen behar bezala atera gerrillari islamiarrak militarrei aurre egiteko ustekabean oso ondo prestatuak zeudelako. Ez dakigu nola baina Filipinetako hiru gerrilla islamiar nagusienak Maute, Bangsamoro Islamic Freedom Fighters eta Abu Sayyaf elkarlean Marawiko hainbat puntu estrategikoetan gotortu ziren eta mugak gainditu dituen Estatu Islamikoaren banderak atera zituzten paseatzera. Haien aurka sorpresaz egindako operazio bat izateko gerrillari hauek ondoegi prestatuak zeudela dirudi, alegia, ez dirudi haien kontraerasoa zerbait espontaneoa izan zenik.

Operazio militarra abiatu zen momentuan gainera Rodrigo Duterte Txina eta Errusia bisitatzen zebilen. Kasualitateak existitzen ez direla pentsatzen dutenek usain txarra hartu diote kontu guzti honi. F. William Engdahl ikerlariak Amerikako Estatu Batuak Duterteren aurka martxan jarritako proxy (zeharkako) gerra baten aurrean gaudela dio. Izan ere, Rodrigo Duterte boterera iritsi denetik AEBak izan dira bere diskurtso nazionalista antzuaren jomuga nagusietako bat. Diskurtso politiko hori ordea ez da momentuz politika zehatz batzuetan egikaritu. AEBtako enpresa multinazionalak adibidez, oztoporik gabe herrialde osoan nahi dutena egiten jarraitzen dute. Gainera, Marawiko gatazka gehiegi konplikatzen hasi denean Duterteren gobernuak ez du inolako trabarik izan AEBeko ejerzitoari laguntza eskatzeko.

Momentuz argi dagoena da operazio guztia hondamendi itzela izaten ari dela eskualdearentzat. Hildakoak ehunkada zenbatzen dira: 206 gerrillari islamiar, 58 segurtasun indar eta 38 zibil. Gainera, azken berrien arabera baliteke hildako zibilen kopurua pentsatzen dena baino askoz ere handiagoa izatea. Hiritik 200.000 lagun baino gehiagok egin behar izan dute ihes. Horrez gain, ejertzitoaren hegazkinen bonbardaketek Marawi suntsitzen segitzen dute.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07