blogak

Filipinetatik

Rosarioko kom indigena urbanoak

Milioi bat eta erdi lagun bizi dira Rosarioko (Santa Fe probintzia) eremu metropolitarrean. Argentinako hirugarren hiri handiena da eta kanpoaldeetan txabolagune asko ditu. Horietako bat da Los Pumitas auzo umila. Trenbideak irudikatzen duen muga ikusezina igarota, erdigunetik sei kilometro ingurura oso bestelako errealitate batekin egin dut topo. Errepide nagusitik desbiratzerakoan kaleak asfaltatuak egoteari uzten diote eta hemen instituzio publikoen  presentzia oso txikia da. Nire zain nituen, Ernesto Oscar Talero (La Pampa del Indio, 1967) Qadhuoqté Auzo Elkarte Komunitarioko lehendakaria eta Santa Fe probintziako Indigenen Parte-hartze Kontseiluko ordezkaria eta Ronaldo “Vilo” Sánchez (Juan José Castelli, 1990) auzoko bizilaguna eta elkarteko boluntario gaztea. Biak iparraldeko Chaco probintziatik emigratu duten kom indigenak dira. Elkarrizketari ekin baino lehenago, gaztelania beraien ama-hizkuntza ez dela argi utzi didate.

Vilo Qadhuoqté Auzo Elkarte Komunitarioko muralaren ondoan.

“Kom” ala “toba” nola deitzen diozue zuen buruari?
Vilo– Gizon zuriak gu konkistatzen saiatzen hasi zirenean guaranieratik datorren “toba” deitura erabili zuten. Urteetan izen hori guk geuk ere barneratu genuen. Hala ere, orain gure hizkuntzatik datorren “tobarena” aldarrikatzen hasi gara.

Non bizi dira Kom Herriko kideak?
Ernesto– Gehienak Argentinako  Chaco, Formosa eta Santa Feko probintzietan bizi gara baina Bolivian eta Paraguain ere baditugu anai-arrebak.

Zenbat lagunek osatzen duzue Kom Herria?
Ernesto– Ez dakigu. Zaila da jakitea. Ez dago gure herritarrak zenbatzen dituen errolda fidagarririk. 2010an Argentinako gobernuak errolda zenbatzeko egindako inkestan, egia da modu generikoan, etxean indigenen bat bizi ote den galdera sartu zutela. Baina, nire ustez inkestatzaile gehienek galdera horri ez zioten behar hainako garrantzia eman eta baliteke zuzenean ez egin izana. Nolanahi ere, gure estimazioen arabera, Santa Feko probintzian 2.700 familia inguru bizi gara.

Eta hemen, Los Pumitas auzoan zenbat familia bizi zarete?
Vilo– Laurehun familia kom inguru bizi gara. Baina gurekin batera boliviarrak, paraguaitarrak, kreolak, etab. ere bizi dira.

Zergatik utzi zenuten zuen sorterria?  
Ernesto– Bizitza hobeago baten bila etorri nintzen Rosariora. Hamabost urterekin etorri nintzen. Nire herrian, txikitatik diskriminatu ninduten. Gainera, Chacoko probintzia oso pobrea da eta lan eskaintza gutxi zegoenez ba hona etortzea erabaki nuen lan bila.

Vilo– Ni orain dela hiru urte etorri nintzela. Ikastera eta lanera etorri nintzen. Ez nekien gazteleraz hitz egiten eta orain bai. Komunitateko kideei gaztelera ikasten laguntzen diet.

Zein da auzoan bizi direnen lanbide nagusia?
Ernesto– Nire garaian bezala, gaur egun, ogibide nagusiena eraikuntza da. Hala ere, lanera datozen belaunaldi berriek ez dute ofizioa ondo ezagutzen. Gure elkartean arazo hori eta beste batzuk konpontzen saiatzen gara.

Noiz eta zertarako sortu zenutuen Qadhuoqté Auzo Elkarte Komunitarioa?
Vilo– 2006aren bueltan sortu zuen Ernestok elkartea. Qadhuoqté kom hizkuntzan “oinarria” edo “zimendua” esanahi du, alegia, gure kultura eta nortasunaren defentsarako sortu genuen elkartea.

Zeitzuk dira kom herriaren baloreak?
Ernesto– Zaila da gure baloreak zeintzuk diren esatea. Akaso, gure nortasunaren sustraietako bat erresistentzia da. Bestela ezin da ulertu historikoki Estatua eta gizarteren jazarpenetatik nola lortu dugun bizirik ateratzea. Gure baloreak poliki-poliki hondamendietatik berreskuratzen goaz. Hala ere, Estatuari existitzen den herri bizi bat garela onartzea kosta egiten zaio. Gizartean aldiz, egunetik egunera geroz eta bisibleagoak gara, batez ere, gure auzoan antolatzen ditugun ekimenei esker: astean hiru aldiz auzoko haurren artean esne-katiluak banatzen ditugu, gaztetxoenei eskolako etxeko lanekin laguntzen diegu, urriaren 12an zorigaiztoko kolonizazioa oroitzen dugu, etab.

Vilo– Gure herria eta gure jendea lasaia da. Ez gara abiadura handian bizi. Isilak garela eman dezakeen arren, guri behatzea gustatzen zaigu. Iraganean, naturarekin bat bizi ginenean natura behatzen genuen bezala, orain bizitzea tokatu zaigun inguru berri honi begiratzen diogu.

Zeintzuk dira komunitatean dituzuen arazo nagusienak?
Ernesto– Batetik, auzoaren azpiegituren problematika dago. Oinarrizko beharrak diren kontuekin arazo larriak ditugu: lurra, ura eta argi-indarra. Horiek gabe ez dago bizitza duin bat izaterik. Bestalde, komunitate bezala onartuak izan nahi dugu. Politikoak gutaz hauteskundeak daudenean gogoratzen dira bakarrik.

Vilo– Gazteetan alkohola eta beste droga batzuk arazoa dira. Bizi garen lekuan, oso agerian daude.  Horri gainera, gure gazteek drogak arriskutsuak izan daitezkeela ulertzen ez dutela erantsi behar diogu. Elkartetik gazteak arrisku horiez ohartarazten saiatzen gara.

Ezkerretik eskuinera: Vilo, komunitateko kide bat eta Ernesto.

Nolako harremanak dituzue tokiko eta estatu mailako instituzioekin?
Ernesto– Instituzioen ardura nagusia eta bakarra zein alderdi politikokoa (peronistak, sozialistak edo erradikalak) garen jakitea da. Guk ez dugu joko eta logika horretan erori nahi, ez dugu inoren kamiseta jantzi nahi. Elkarte bezala antolatu aurretik, instituzioengana jotzen genuenean ez zizkiguten ateak zabaltzen. Orain ordea, elkarte bezala egituratu garenetik bisibleagoak gara eta beraz, gu kontutan hartzea beste erremediorik ez dute. Pentsa, orain gutxi arte udalak ez zituen jatorrizko herri indigenak errekonozitzen. Orain ordea, azpi idazkaritza bat sortzeko asmoa omen dute. Ikusiko dugu.

Zentzu horretan, ba al duzue harremanik Argentinako beste komunitate indigenekin?
Ernesto– Bai. Indigenen Parte-hartze Kontseiluko ordezkaria naiz eta bertan guztion artean elkarlana sustatzen saiatzen gara. Erakunde hau Estatuak sortua da eta teorian Konstituzioak dioen zerbait betetzera dago bideratua. Izan ere, paperan herri indigenek politikagintzan parte hartu behar dutela dio Konstituzioak. Agerian dago ordea, hori betetzen ez dela.

Zein da kom hizkuntzaren eta hiztunen egoera?
Ernesto– Gure artean denek dakite kom hizkuntza, hala ere, baditugu arazo batzuk belaunaldi berriekin. Lehen hezkuntzan bi eskola elebidun ditugu eta bigarren hezkuntzan bakarra. Gainera, gure irakasleak (kom etniakoak eta elebidunak direnak) oso gutxi dira. Hori ez dago ondo.

Vilo– Gainera, aipatu bezala, gure auzoan ez gara gu (kom) bakarrik bizi, beste toki batzuetako pertsonak ere bizi dira eta haurrak haiekin kalean daudenean gazteleraz egiten dute.

Emakumeei dagokionean, zein da komunitatean eta elkartean betetzen duten papera?
Ernesto– Gure elkartera emakume gutxi hurbiltzen da. Emakume helduek erantzukizun guztia guri uzten digute, ez dute parte hartu nahi. Hala ere, neska gazteek parte hartzeko gogo handiagoa dutela konturatu gara eta beraz, hori sustatzen saiatzen ari gara.

Vilo– Emakumeak familia zaintzen dute, etxean agintzen dutenak dira eta seme-alabak, alegia, komunitatearen etorkizuneko belaunaldi berriak hezitzen dituztenak dira. Hori oso garrantzitsua da. Izan ere, ama indigenatik jaiotzen denak ez du bere nortasuna galtzen.

Bateragarriak al dira kom eta argentinar nortasunak?
Ernesto– Zer izan nahi dugun aukeratzea kosta egiten zaigu. Dokumentu bat izatera behartzen gaituzte. Estatu eta gobernuen lege-sarean galdu egiten gara. Herri gisa umiliatu eta masakratu gaituzte. 1924an laurehun lagun inguru hil zituzten Napalpí herri-indigenan. Kondizio horietan ezin dugu gure nortasuna aukeratu eta hare gutxiago eraiki.

Vilo– Nik ez dut uste bi nortasun horiek oso bateragarriak direnik. Nik edozerren gainetik nire burua indigenatzat dut. Argentinako beste komunitate indigenekin gauza asko konpartitzen ditut baina zuriekin gutxi.

Pueblos Originarios dokumental sailan Kom Herriari eskainitako atala

The post Rosarioko kom indigena urbanoak appeared first on Filipinetatik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07