blogak

Filipinetatik

Latinoamerikako pelikula onenen zerrenda

Internet Movie Database (IMDb, euskaraz “Filmen Datu-basea Interneten”) sarean existitzen den filmeen datu-base handiena da. Webgune horretan erregistratzen diren erabiltzaileek filmeen balorazioa (0-10 bitartean) eta kritika utzi ditzakete. Urte hasieran, IMDb-ko lan-taldeak Latinoamerikako herrialde bakoitzeko film onenen zerrenda zein den erabakitzeko botazioa jarri zuen abian. Zerrenda osatzen duten film gehienek Latinoamerikako gizarteek sufritzen duten biolentzia erakusten dute era gordinean. Hau da zerrenda:

Iturria: http://culturacolectiva.com

Argentina, El secreto de sus ojos (2009)

La historia oficial (1985) pelikularen atzetik, atzerriko pelikula onenari Oscar saria jasotzen bigarren film argentinarra izan zen El secreto de sus ojos. Iaz Argiak Juan José Campanella zuzendaria elkarrizketatu zuten.

Sinopsia: epaitegi bateko langile jubilatu bati azken hogeita bost urteetan obsesionatu dion krimenaren inguruko nobela idaztea erabakitzen du. Hilketa ikertzen ari dela, beste gauza batzuen artean, bere nagusia zenarekin izandako amodio-istorio frustratuaz gogoratuko da.

Bolivia, El día que murió el silencio (1997)

Izenburu eder horren atzean ezkutatzen da Bolivian 1990. hamarkadan aurrekontu handienetako bat izan zuen filma.

Sinopsia: enpresa gizon batek Villaserenan, herriaren historian estreineko irrati-igorgailua instalatzen du. Irrati-uhinak aurretik etzun ez dituzten herritarren erreakzioak oso anitzak izango dira.

Brasil, Cidade de Deus (2002)

Film oso ezaguna eta kultuzkoa. Paulo Lins idazle brasildarraren nobelan oinarritua dago.

Sinopsia: istorioa Buscapé izeneko protagonistaren ikuspuntutik dago kontatua. Bere kontakizunak, 1960-1980. hamarkaden bitartean, favelen bilakaera esplikatzen duten gatazka biolentoetan kokatzen dira.

Costa Rica, Del amor y otros demonios (2009)

Zendu berri den Gabriel García Márquez kolonbiarraren izen bereko nobelan oinarritutako filma da. Aktore nagusiak Pablo Derqui katalana eta Eliza Triana kolonbiarra dira.

Sinopsia: XVIII. mendeko Cartagena de Indiasen (Kolonbia) eliza katolikoaren inkisizioak pertsegitutako neska gazte baten eta apaiz baten arteko amodio istorioa kontatzen du pelikulak.

Dominikar Errepublika, La hija natural (2011)

Zerrenda osatzen duten pelikuletatik hau da emakume batek, Leticia Tonos, zuzentzen duen bakarra. Halaber, protagonista ere emakumea da.

Sinopsia: Mariaren ama kotxe-istripu batean hiltzen da, munduan bakarrik geratzeko beldurraz ezagutzen ez duen aitaren bila joatea erabakitzen du. Aita bananondo sail batean dagoen etxe zaharkitu batean bizi da, Montifá izeneko haitiar misteriotsu baten konpainian.

Ekuador, Ratas, ratones, rateros (1999)

Latinoamerikan jarraitzaile asko dituen film dramatikoa da.

Sinopsia: filmak lapurreta txikiak egiten dituen gazte baten istorioa kontatzen du. Gaztea delinkuentziaren munduan sartu hala inozentzia nol galtzen duen ikusten da pelikulan.

Guatemala, La jaula de oro (2013)

Ekoizpen mexikarreko filma bada ere, Guatemalan grabatu zen parte handi batean. Halaber, lau protagonista gazteetako hiru guatemalarrak dira eta bestea tzotzil etniakoa. Bitxikeria moduan, protagonistak dira filmeko aktore profesional bakarrak, azaltzen diren gainontzeko pertsonak Amerikako Estatu Batuetara ilegalki emigratu nahian zebiltzan pertsona dira.

Sinopsia: pelikulak AEBetara emigratu nahi dutenen trabaz eta arrikuz betetako ibilbidea erakusten du gordintasunez.

Honduras, Amor y frijoles (2009)

Ohitura hondurastarrez jositako film ezezaguna. Gainontzeko pelikulekin alderatuta istorio sinple bat du ardatz.

Sinopsia: Karenek bere senarra beste emakume batekin engainatzen ari zaiola pentsatzen du eta susmo horiek zuzenak ote diren argitzeko bere lagun onenaren laguntzaz senarrari pausoak segituko dizkiote.

Kolonbia, María, llena eres de gracia (2004)

Catalina Sandino aktore onenari sariarentzat izendatua izan zen Oscar sarietan.

Sinopsia: Maria, 17 urteko gaztea, bere gorputzaren barruan Amerikako Estatu Batuetaraino kokaina garraiatzea erabakitzen du dirua erraz lortuko duelakoan.

Kuba, Memorias del subdesarrollo (1968)

Zerrendako film zaharrena, Latinoamerikako zinegintzaren klasiko bat. Edmundo Desnoes idazlearen nobelan oinarritua dago filma.

Sinopsia: “burges kubatar” alienatu bat Kubako iraultzaren ondorenari nola egokitzen den kontatzen duen istorio komiko eta dramatiko konplexu bat da.

Mexiko, Amores perros (2000)

Alejandro González Iñárritu zinegile mexikar ezagunaren lehendabiziko filma, heriotzaren trilogia deiturikoaren lehen pelikula ere bada. Beste bi pelikulak, 21 gramos eta Babel dira.

Sinopsia: filma hiru istorioez osatua dago. Hiru istorioetan agertzen diren pertsonaiek pelikula osoan zehar ez dute elkar ezagutzen baina denek dute komunean haien istorioak kotxe istripu berarekin hasten direla.

Nikaragua, Alsino y el condor (1982)

Sinopsia: haur bat bere amonarekin bizi da Nikaraguako eskualde isolatu batean. Hala ere, herria gobernuko armadaren eta gerrillarien arteko gatazkaren erdian dago harrapatuta. Horrezgain, gobernuko militarrek, Amerikako Estatu Batuetako, atzerriko aholkulari baten laguntza jasoko dute.

Panama, Los colores de la montaña (2011)

Ekoizpen panamar eta kolonbiarreko filma. Kolonbiak 1948tik sufritzen duen gatazka armatuaren dimentsioetako bat erakusten digu pelikulak. 2010ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean saritua izan zen.

Sinopsia: egun batean haur kolonbiar bati bere aitak baloi berri bat oparitzen dio, tamalez, lagunekin futbolean jolasean ari zela baloia minez jositako zelai batera erortzen da. Mutikoak baloia kosta ala kosta berreskuratzen saiatuko da.

Paraguai, 7 Cajas (2012)Â Â Â

2013ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean saritua izan zen. Guaranieraz, alegia, Amerikako jatorrizko hizkuntzetako batean egina dagoen zerrendako film bakarra da.

Sinopsia: mutil gazte batek 100 dolarren truke, barruan zer daramatzatene jakinik gabe zazpi kutxa banatzeko lana onartuko du. Hasiera batean erraza zirudiena, laster korapilatuko da.

Peru, Contracorriente (2009)

Latinoamerikako zinegintzan gay tematika ardatz hartzen duten pelikula ez dira ugariak, Hain zuzen ere, gai horren trataerari esker Donostia Zinemaldiko Sebastiane saria jaso zuen film honek.

Sinopsia: Peruko kostaldean bizi diren bi gizonen arteko drama erromantikoa kontatzen du filmak. Bien arteko harremanak herri tradizional bateko ohiturekin talka nola egiten azaltzen du istorioak.

Puerto Rico, Broche de oro (2012)

Sexua zahartzaroan tabua aztertzen duen road movie bat da.

Sinopsia: hiru lagunek zahar-etxe batetik ihes egiten dute eta gaztea izaten segitzeko adin-mugarik existitzen ez dela deskubritzen dute.

Txile, Machuca (2004)

Salvador Allenderen gobernu sozialistak abian jarritako esperimentu batean dago oinarritua pelikula. Asmoa eskola berean klase-sozial ezberdineko haurrak hezitzea zen. Esperimentua irailaren 11ko estatu-kolpearekin amaitu zen. Pelikulak nazioartean sari asko bildu zituen.

Sinopsia: klase-sozial ezberdineko bi haur eskolan elkar ezagutu eta lagun bilakatuko dira. Haien laguntasuna Txilek bizi duen egoera politiko nahasiarekin kaltetuko da.

Uruguai, Whysky (2004)Â Â

Pablo Stoll zinegile uruguaitar gaztearen film sarituena da. Uruguaitar pelikula askok bezala drama eta komedia primeran uztartzen ditu.

Sinopsia: amaren heriotzaren urteurrenean Jacobok bere anaiaren ezusteko bisita jaso behar duela enteratzen da. Anaiari bizitza aspergarri eta monotonoa daramala ezkutatu nahian, bere langilearekin ezkondua dagoela sinetsarazten ahaleginduko da.

Venezuela, Hermano (2010)

Moskuko Zinemaldian pelikula onenari saria eta beste bi sari eskuratu zituen.

Sinopsia: beisbola kirol erregea den lurraldean, Caracaseko auzo arriskutsu batean bizi diren bi anai, futbolaren bitartez bizitzan aurrera egiten saiatuko dira.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07