blogak

Filipinetatik

Kale-txakurrak

1980. hamarkadan Euskal Herriko kale-paisaiaren parte ziren kale-txakurrak. Ikastolatik etxerako bidean behin baino gehiagotan egiten zidaten konpainia. Nire desilusiorako eta amaren lasaitasunerako ez zuten etxeko portalaren muga sekula igarotzen.

José C. Paz

José C. Paz (Buenos Airesko probintzia) herriko tren geltokia.

Amoñaren  Florida auzora, Hernaniko Primo de Riveraren etxe-blokeetara joaten nintzenean, aitona eta amona bankuan eserita kontu-kontari topatzen nituen. Haien ondoan logale arpegiarekin chihuahua arrastoak zituen txakur potxolo txiki bat egoten zen beti. Amonak txakur hori-beltz horri maitekiro bandido esaten zion. Hezurrak prest zituenean amonak Bandido, haur gaizto bat balitz bezala, erdi errieta tonuan deitzen zuen. Auzo-txakurra ezerezetik segituan azaltzen zen saltoka eta irribarretsu.

Hernaniko kale-txakurrak, horien artean Bandido, denborarekin oharkabean desagertu ziren bezala, aitona eta amona eta bere auzoan bizi ziren beste bikote edadetuak ere pixkanaka eta isilik belaunaldi berriek ordezkatu zituzten.

Buenos Aireseko Constitución tren geltokia (argazkia: David Fernández/Clarín).

Argentinan aldiz kale-txakurrak oraindik ere paisaiaren osagai garrantzitsu bat dira. Parkeetan etzanda edota etxeetako portalak zelatatzen: hiriko txoko askotan antzematen da txakur usaina. Buenos Aires hiriburuan esaterako 100.000 txakur bizi omen dira kalean. Txakur gainpopulazioak osasun arazoak sor ditzake batzuetan baina baita ere, noizean behin, istorio bitxiren bat edo beste. Horregatik, Rosarion, Argentinako hirugarren hiri handienean, bi errealitate horien artean oreka mantentzeko esterilizazio egitasmo bat jarri zuten abian orain urte batzuk. Helburua kalean bizi diren txakurrak hil gabe haien ugalketa kontrolatzea da. Modu horretan, Euskal Herrian gertatu ez bezala, badirudi datozen urteetan ere Argentinako kaleetako zaindariak txakurrak izango direla.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07