blogak

Filipinetatik

Filipinetatik blog berria

Orain hilabete gutxi batzuk etorri nintzen Filipinetara bizitzera, Euskal Herritik 12.000 kilometrora. Urrutitxo dagoen artxipelago zabal hau (7.000 uharte baino gehiago) gaur egun gure artean nahiko ezezaguna izan arren, iraganean euskaldun ospetsu askoren helmuga izan zen. Ezin ditugu ahaztu alde batetik; Espainiako koroaren zerbitzura beti leialtasunez lan egin zuten euskal gizon abenturazale, jator eta kristauak, besteak beste, Juan Sebastian Elkano, Miguel Lopez Legazpi edo Andres Urdaneta, eta bestetik; bizitza hobeago baten bila iritsitako etorkinak. Gaur egun euskal arrastoak filipinarren izen-abizenetan, toponimian eta Jai Alai frontoien moduko bitxikerietan topatu daitezke.

Palawan uhartea, Filipinak (irudia: Youtube).

Palawan uhartea, Filipinak (irudia: Youtube).

Filipinak Hego-Ekialdeko Asia eta Ozeano Barearen arteko erdibidean zokoratua dago. Italiaren azalera berdineko lur eremuan 100 milioi lagun baino gehiago bizi dira, horietatik erdia 25 urtetik beherakoak dira eta 26 milioi pobrezian bizi dira. Horiei diasporan (gehienak Amerikako Estatu Batuetan eta Arabiar penintsulan) bizi diren beste 10 milioi lagun erantsi behar zaizkie. Hizkuntzari dagokionean uharteetan 125 hizkuntz autoktono baino gehiago mintzatzen dira ingelesarekin batera. Ingelesa AEBek inposatu zuten. Aurretik, Espainiako koroak gaztelaniarekin gauza bera egin zuen, hortik datoz filipinarrek darabilten kutsara, tinidor edo litson bezalako hitzak. Baina dudarik gabe, Filipinetako nortasun nazionalari Espainiak egindako ekarpen garrantzitsuenetakoa kristautasuna izan zen. Estatua konstituzionalki ez-konfesionala bada ere, jainkoari erreferentziak eta elizak (kasu gutxi batzuetan meskitak) txoko guztietan ikusi daitezke.

Kolonialismoek (espainiarra eta estatubatuarra nagusiki eta japoniarra) errotik eta betirako eraldatu zuten gizarte filipinarra. Horregatik agian, Filipinak ez ditu europarrok Asiaz ditugun estereotipoak betetzen. Kulturalki euren bizilagun asiarrei bizkarra ematen diete. Zentzu horretan gizarte filipinarrak antzekotasun gehiago Latinoamerikako herrialdeekin partekatzen dituela dirudi.

Polizia eta Jainkoa

Poliziaren kartel baten azpian “jainkoaren hitza obeditu” ingelesez dioen kartela (irudia: Iker Blas).

Bestalde, Filipinak AEBek Asiako ekialdean sekula izan duen kolonia eta aliatu garrantzitsuenetako bat izan da. Geoestrategikoki garrantzi handikoa baina ekonomikoki munduko ekonomiaren periferian, inor gutxi arduratu izan da Filipinetako sistema politikoaz edota demokrazia ereduaz. Bitxia benetan kontutan hartzen badugu herrialde honek sufritzen dituen desberdintasun eta miseria endemikoak. Analisi sakonak egin beharrean hedabide gehienak sentsazionalismo merkea egitea nahiago dute: Manila kanpoaldeetako pertsona pobreak nola bizi diren kontatzeko edota hondamendi naturalen (tifoiak, lurrikarak…) suntsipen irudiak erakusteko.

Morboa eta espektakuloa, hori da komunikabide askok Filipinetan bilatzen dutena. Eta horixe da, Rodrigo Duterte presidente berriak mendebaldeko mass-mediari egindako oparia. Gizon adindu honen aho handiak eta jarrera politiko ez zuzenak arlote paregabean bihurtu dute. Vladimir Putin, Kim Jong-un eta Donald Trumpek osatzen duten zerrendarako fitxaketa berria. Kasu hauetan ohikoa den bezala, mundu osoko Gobernuz Kanpoko Erakunde transnazionalek eta hedabideek bat-batean kezka handia erakutsi dute Filipinetako giza eskubideen egoerarekin. Tira, bazen garaia giza eskubideen gaia agendan sartzeko. Hala ere, oraingoan erabilitako aitzakia Duterteren administrazioak “drogen aurka” asmatutako “gerra” krudela izan da. Erailketa horiek ezin dira inolaz ere justifikatu, hala ere, Filipinetako aurreko presidenteek giza eskubideak gehiago errespetatzen zituztela zeharka pentsatzea edo pentsaraztea lotsagarria da. Herrialde honek oraindik sufritzen dituen gatazka armatuak eta biolentzia estrukturala ez dira gauza berria. Honela bada, Rodrigo Duterte egurtzeko arrazoien atzean Filipinetako oligarkia ekonomikoen arteko botere-borroka ezkutatzen dela dirudi.

Blog honetan Filipinak nondik datozen eta bere eraikuntza prozesuan euskaldun batzuen papera nolakoa izan zen berrikusiko dugu. Era berean, Rodrigo Duterte nor den eta Filipinak nora eraman nahi dituen ulertzen saiatuko gara. Azkenik, turista bezala maiz begien aurrean ustekabean pasatzen zaizkigun gizarte filipinarraren ezaugarriez arituko gara.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07