blogak

Filipinetatik

Coca Colari boikota azukrearen lurraldean

Negros

Negroseko mapa (irudia: Wikipedia).

Filipetako 4. uharte handienak Negros du izena. Konkistatzaile espainiarrek eta euskaldunek erabaki zuten bertako Ati indigenen azal kolorea beltzarana zelako irla izen horrekin bataiatzea. Jatorrizko izen ilonggoak, Buglas (zatiketa), lurraldearen geografia hobeto deskribatzen bazuen ere, gaur egun ez du inork gehiago erabiltzen.

Negrosen 4,5 milioi lagun bizi dira Nafarroak eta Arabak batera osatzen duen lur azalera berean. Irla administratiboki eta linguistikoki bi probintziatan zatitzen da: Negros Occidental (hiligaynonera edo ilonggoera hizkuntzak nagusitasuna duen lurraldea) eta Negros Oriental (cebuera hizkuntzak nagusitasuna duen lurraldea).

Historikoki Negroseko ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza izan da eta bereiziki azukre-kanaberaren plantazioak. Monolaborantza honen zabalkundea espainiar kolonialismoaren garaian hasi zen. Hasieran poliki eta XIX. mendean ziztu bizian azukre-kanaberek jatorrizko landaredia ordezkatu zuten (gaur egun Negroseko jatorrizko oihanaren %4 bakarrik geratzen da).

Azukre ekoizpen hura lur-jabe gutxi batzuek kontrolatzen zuten. Haietariko asko euskaldunak edo euskaldunen ondorengoak ziren. Lur-jabe horien familiek urteetan metatutako botere ekonomiko eta politikoari esker Negroseko oligarkia bihurtu ziren. Botere oligarkiko horrek hasiera-hasieratik bere interes eta pribilegioen defentsan bortxa erabili zuen: hasiberritan Ati indigenak euren lurretatik botatzeko eta ondoren nekazariak diziplinatu eta kontrolatzeko.

sugarcane-farm-workers

Azukre-kanabera plantazio bat (irudia: Concept News Central).

Negroseko oligarkiak aldaketa politiko eta ekonomikoen aurrean bizirauteko aparteko ahalmena erakutsi izan du beti; erregimen kolonial batetik bestera erosotasunez mugitu zen; 1970eko hamarkadako azukrearen krisi ekonomikotik onik ateratzea lortu zuen; eta gerrilla komunista mendian ezkutatzera behartu zuen.

Gaur egun, Filipinetan ekoizten den azukre-kanaberaren erdia baino gehiago Negrosen ekoizten da. Gai horren ekoizpenean 300.000 lagun baino gehiagok egiten dute lan eta zeharka beste 2 milioi lagun bizi dira sektore horri esker. Azukre-kanabera industrian lan egiten dutenen lan-baldintzak oso gogorrak dira. Batez beste 3 euro irabazten dituzte eguneko, gobernuak ezarritako soldata minimoaren erdia baino gutxiago alegia.

Esplotatuta bizi diren familia horietan azukrearen prezio-gorabeherek hil ala biziko egoera sortzen dute. Azken krisia Benigno Aquino III, aurreko legegintzaldiko presidente neoliberalarekin hasi zen. Honen neurri ekonomiko liberalak, atzerrian ekoizten den HFCS motako azukre merkea zergak ordaindu gabe erosteko aukera ahalbideratu zien Coca Cola, Pepsi Cola, etab. bezalako enpresei. Negroseko azukre-kanaberaren salmentak kolpean behera egin zuen multinazional horiek hain beharrezkoa duten azukrea atzerrian erosten hasi zirenean.Â

Coca Cola

Binalbagan, Negros Occidental (irudia: Facebook).

Urte hasieran Rodrigo Duterteren administrazio berriak egoera horri buelta emateko atzerritik inportatu daitekeen azukre bolumenari zergak, eta oro har, mugak ezartzeko lege berri bat prestatu zuen. Lege berri hori ordea, besteak beste, Coca Colaren presioari esker, oraindik ez da indarrean sartu. Atzerapen horrek irla osoko nekazarien artean protesta biziak piztu ditu. Negroseko hiri handienean, Bancoloden 6.000 pertsona elkartu ziren Coca Colaren egoitzaren aurrean. Horrez gain, Negros Occidentaleko herri batzuek Coca Colaren aurkako boikot aktiboa deitu dute eta euren herriko festetan edari horren salmenta debekatu dute.

Rodrigo Duterteren lan taldeak, beste behin, enpresa handien interesen eta herritar pobreen arteko oreka mantentzeko ahalegin alferrak egiten ari da. Eginkizun hori ordea ez da batere erraza izango desberdintasunak edonon aurkitu daitezkeen herrialde honetan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07