83. EGUNA: BIHOTZIK GABE EZ DAGO GAIRIK
Urte asko daramatzat irakaskuntza munduan eta ikasle askoren beldurra beti izan da zer gai izango duten idazteko edo ahozkoa egiteko. Irakasleon ustez, gaiak ez du horrenbesteko garrantzirik, baldin badakizu nola egin behar den. Azkenean, gaia aitzakia baino ez da ikasleek hizkuntzaren ezaguerak erakusteko
Egitekoa kontuan hartzea gaia bera baino garrantzitsuagoa da askotan. Gaia edozein delarik gai izan behar dugu idatziz zein ahoz gure iritzia emateko, iritzi xumea, apala. Ez dugu hitzaldi magistralik eman behar edo gutun artifizialik idatzi behar. Izan gaitezen naturalak, helarazi diezaiogun entzuleari zein irakurleari esan nahi duguna, erabil dezagun beti bihotza.
Berrogeialdian ere aritu gara bihotzaren garrantziaz eta naturala izateaz. Adibideak jarri ditugu bihotzaren garrantzia nabarmentzeko, matraka eman dugu ikasturte osoan bihotza erabiltzeko eta ikastaroa bukatzear dagoela bihotz hori agertzen ari da eta gaiari kendu dio bere garrantzia.
Zer garrantzi du zuentzat gaiak? Zein gaitan sentitzen zarete eroso edo gustura? Zergatik? Bihotzez ala gramatikaz idazten duzue?