blogak

Euskerabili

75. EGUNA: BURU BELARRI IKASTEN

Zuetako batzuk jo ta ke arituko zarete ikasten ikasturtearen azken azterketak gainditzeko. Unibertsitatean, institututan, eskolan,… azken azterketak egiteko garaia dugu hau eta zenbait kasutan etorkizuna ere badugu jokoan.

Gogoan dut, nik azterketok egin behar izaten nituenean, ez zela bidezkoa pentsatzen nuela. Kalean eguraldi ederra eta gu etxean buru belarri ikasten. Gainera, etxe ondoan parkea nuen eta egunero, arratsalde osoan, umeen barreak eta algarak entzun behar izaten nituen. Zenbat aldiz pentsatu nuen zer ona den umearen bizitza! Umetan ez dago ardurarik, dena ematen dizute eginda, zure eginbehar bakarra bizitza gozatzea baino ez da. 

Baina gero, haserraldia pasa eta gero, atzera egiteak eta berriro sufrikario berbera pasa behar izateak atzera eragiten zidan. Eginda nuen bidea desegitea ez zuen merezi, nengoen momentura berriro heltzeko. Ez dakit ulertuko duzuen zer esan nahi dudan, baina gaztetan banituen halako burutazioak edo txarragoak, kar, kar, kar, …

Hala ere,  jarraitzen dut pentsatzen garai hau ez dela egokiena azterketak egiteko, nahiz eta pandemia honek etxean egotera behartu gaituen. Beroak ez du laguntzen, egunak  luzeagoak izateak ez du laguntzen,  kaleak eta parkeak jendez beteta egoteak ez du laguntzen, hondartzara joateko garaia hasteak ez du laguntzen. Agian,  buelta eman beharko litzaioke honi eta ikasturtea atzekoz aurrera egitea litzateke onena. 

Zer deritzozue garai honetan azterketak egoteari? Zer sentsazio duzue orain azterketak prestatzen ari zaretenok?  Eta ikasleak izan zinetenok nola gogoratzen duzue ikasturte bukaerako azterketa garaia?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07