blogak

Euskerabili

71. EGUNA: AKELARREA PLAZAN

Oso haserre nago, sutan esango nuke. Hiru hilabete daramagu etxean sartuta, arau guztiak errespetatzen, zenbait kasutan senide edo lagun hurkoaren heriotza sufritzen eta, hara non, Beasaingo batzuei, hainbati hobeto esanda, bururatzen zaien herriko plazan elkartzea eta festa egitea, segurtasuneko distantziari kasurik egin gabe. 

Ez dago eskubiderik! Horrela egingo bagenu guztiok, ez dakit zer demontre gertatuko litzatekeen. Noiz hasiko ginateke normaltasunera bueltatzen guztiok herriko plazan elkartuko bagina distantzia errespetatu gabe? Inoiz ez, seguruenik.

Gainera, egin dutena hedabide guztietan agertu dela ikusita, barkamen eske hasi dira. Burugabe halakoak! Bizi dugun egoera honek guztion ardura eskatzen du, txiki, gazte, heldu, adineko guztiona. Guztiok ari gara pairatzen egoera eta guztiok nahiko genuke egoera honetatik kanpo egon, ezta? Baina errealitatea bestelakoa da, denok gaude itsasontzi berean eta lema norabide bakarrean gidatu behar dugu, bestela akabo.


Uda gertu dagoela, baten bati jaiak ospatzeko gogoa piztuko ote zaion beldur naiz. Ea orain arte egin duguna ezerezean geratuko ote den beldur naiz. Ea mundu guztiaren ahotan dabilen bigarren agerraldiak oraingoarekin bat egingo ote duen beldur naiz. 
 
Ikusi duzuenez, Beasainen gertatutakoak nire onetik atera nau, baina espero dut beste inork adibidea ez jarraitzea eta ez hastea orain udako ustezko jai guztietan segurtasuneko distantzia errespetatu gabe dantza egiten.

Zer deritzozue Beasainen gertatutakoari? Zergatik gara gizakiak hain burugabeak? Zer iruditzen zaizue aurten herriko jaiak bertan behera uztea? Zeintzuk dira gehien gustatzen zaizkizuen jaiak?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07