70. EGUNA: TOPAKETAK HIRUGARREN FASEAN
Bihar bigarren fasera pasatuko omen gara. Pandemia hau kopa txapelketa bezalakoa da, faseak eta faseak pasatu behar ditugu finalera heltzeko. Poliki-poliki egin behar dugu bidea, tentu handiz, baina azken unerako borrokatu behar dugu eta, beharrezkoa balitz, luzapenean edo penalti-jaurtiketan irabazi beharko genioke partida birusari. Baina espero dugu gauzak ez aldrebestea eta, adituek dioten bigarren pandemiaren kolpea datorrenean, final hau ere bertan behera ez geratzea.

Bizitzan gauza asko sakrifizio handia eginez lortzen ditugu. Sarritan bidea ez da samurra eta oztopoak handiak izaten dira, baina ekinaren ekinez lortzen dugu amestutako hori. Dena den, ez dakit masoka naizelako izango den, baina zenbaitetan ametsa lortu dudanean, ez dut izan espero nuen poza eta lortutakoan barruan huts bat sentitu dut. Adibide argia da Donejakue bidea egin nuenean. Orreagan lehen pausua eman nuenetik amesten nuen nolakoa izango zen Santiagora heltzea. Faseak edo etapak gainditu ondoren, ametsa handiagoa zen eta imajinatzen nuen nolakoa izango zen poztasun hori. Santiagora heldu nintzen egunean, berriz, ez nuen ezer sentitu eta gogoratzen dut nire kezka hurrengo egunean zer egin izan zela.
Zer kostatu zaizue sakrifizio handia lortzea? Zer sentitu zenuten lortu ondoren? Zer eragiten dizue bigarren fasera pasatzeak? Zein fasetan topatuko gara euskaltegian? Baduzue gogorik?