60. EGUNA: BIZITZA AMETS BAT DA
Konfinamenduan gaudenetik egunero ohetik altxatzen naizenean neure buruari galdetzen diot hau guztia amets bat den, amets gaizto bat den. Oheratzen naizenean, berriz, beti espero dut hurrengo egunean esnatzean hau guztia pasatuta egotea. Baina, “marmotaren eguna” izango balitz bezala, hau guztia errepikatzen da, behin eta berriro errepikatzen da.
Normalean ez dut gogoratzen aurreko gauean amets egiten dudana. Adituek diote guztiok amets egiten dugula gauero, baina ni ez nago oso ziur, sarritan hain azkar pasatzen da gaua ezen ez bide dut astirik amets egiteko. Inoiz gogoratzen badut, bat-batean esnatzen naizenean, hau da, amets gaiztoa izan dudanean izaten da.
Itxialdiak ere lo egiteko modua aldatu dit. Ez dut lehen bezala lo egiten gauean esnatzen bainaiz pare bat aldiz eta, txarrena, ernagailuak jo baino hamar minutu lehenago esnatzen bainaiz. Birus madarikatu honek dena aldatu digu, oporrak, lan egiteko modua,… eta ametsak ere. Dagoeneko ez dugu ilusiorik, ez dugu itxaropenik eta, beharbada, ez dugu ametsik. Kaguen txos!!!
Ametsik egiten duzue? Zer-nolako ametsak dituzue? Badaukazue errepikatzen den ametsik? Kontatu ahal diguzue? Nola egiten duzue lo konfinamenduan gaudenetik?