blogak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren bloga

Kataluniari begira (Paul Bilbao Sarria)

Info 7ko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa:

Hemen entzun

Katalunia

Azken urteotan behin eta berriro jarri dugu Katalunia eredu gisa. Behin eta berriro begiratzen diogu Kataluniako ereduari eta, aldeak alde, zer ikasia badugula entzuten ari gara une oro.

Tira… Bat egiten dut Kataluniari begira jarri behar dugula esaten dutenekin, baina nahiko nuke Kataluniari begira jartzen gatzaizkionean, modu integralean egiten badugu, hizkuntzaren aferan ez baitago joerarik hango urratsei begiratzeko.

San Jordi egunaren bueltan Bartzelonan egoteko aukera izan dut, eta bertan Plataforma per la Llenguak antolatutako ekitaldira hurbildu nintzen euskalgintzako beste ordezkari batzuekin batera. Egia esan, zer ikasia badugula ondorioztatu nuen.

“Espainiako estatuak gaizki tratatzen gaitu eta bigarren mailako herritar gisa hartzen gaitu” zioen Plataformako lehendakari Oscar Escuderek hitzartzearen hasieran. Hitz horiek entzunda, duela urte batzuetako argazkiak etorri zitzaizkidan gogora, hain zuzen ere, Espainiako Estatuak Kataluniako hizkuntza-politikan eskua sartu zuenean herriak emandako erantzunean. Desadostasunak desadostasun egia da hizkuntza guztien bilgune dela, eta hizkuntza “ukitzen” dutenean herri osoak egiten diola aurre erasoari, herri osoak aurre egiten diola kanpo eskuhartzeari.

“Katalana hemengoen eta hona datozenen, guztien, hizkuntza komuna izatea nahi dugu eta hori erabat uztargarria da egun Katalunian bizi diren 300 hizkuntzak sustatzearekin.” esan zuen ondoren Plataformako eledunak. Konplexurik gabe, lotsarik gabe… Eta horretarako bidea zein den erakutsi dute, besteak beste, belaunaldi berrietan katalanaren ezagutza bermatuko duen ikasteredu orokortua ezarriz. Herritarren arteko zubi-hizkuntza katalana izango dela bermatzeko, lehenik eta behin, ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko politikak abiarazi dituzte.

Espainiako Estatutik deskonexioa irudikatu zuten, lehen esan bezala, gaizki tratatzen dituelako katalan hiztunak. Horrekin batera, Kataluniako Errepublika berri baterako konexioa irudikatu zuten, non hizkuntza-eskubideak solidarioagoak, justuagoak eta barneratzaileak izango diren. Arras interesgarria Errepublika berria horren ezaugarriak lehenago definitzea, alegia, zein herri nahi duten aldez aurretik adostea.

Kataluniako Errepublika berriak, beraz, eskubide indibidualen eta kolektiboen kudeaketa egokia egingo du. Norbanakoen, hizkuntza-taldeen eta hizkuntza-komunitateen eskubideei erreparatuko die inolako diskriminaziorik egon ez dadin. Europako Batasunaren ikurritza den “aniztasunean bildurik” errealitate egingo dute Errepublika berrian. Eta aniztasun horrek zoru komuna izango du: katalana.

Gurean, oraindik, euskararen afera gerorako utzi behar dugula entzuten dugu. Alegia, erabakitzeko eskubidearen alde jendea hurbiltzea nahi badugu, euskararen, alegia, hizkuntza-eskubideen gaia, alboratu behar dugula. Ez dut ulertzen, eta ez dut partekatzen.

Begira diezaiogun, beraz, Kataluniari: Hizkuntza erdigunean kokatu eta etorkizuneko herria justuagoa, solidarioagoa eta barneratzaileagoa izan dadin zutabeak zehazten has gaitezen. Izan ere, zutabe zenbat eta sendoagoak jarri, orduan eta etorkizun justuagoa eraikiko dugu. Estem amb vosaltres!!!

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07