blogak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren bloga

[Iritzia] Abiatu ofizialtasunaren trena

tren-en-marcha

AHTaren egitasmoak krisia eragin omen du Nafarroako Gobernua sustengatzen duen laukoan, hurrengo aurrekontuen babesa zalantzan jartzeraino.

Ordea, ez dugu ezagutu horrelako tinkotasunik euskaldunoi duintasuna itzuliko digun Euskararen Lege berri bat eskatzeko orduan. Joan den ekainean, eremu mistoa osatzen duten herrien kopurua nabarmen haztea onartu dute, Legeak funtsean duen bazterkeriari eusteaz batera. Iritzi kontrajarriak entzun dira Gobernua sustengatzen duen laukoaren partetik, batzuen posibilismoari besteek suharki erantzun baitiote, gogoraziz, Legeak ez dituela asetzen udal eta herritar askoren nahiak, eta sakoneko arazoa hizkuntza eskubideen eskualdekatzea dela, fikziozko mugak jartzen dituelako.

Hizkuntza eskubideen eskualdekatzeari eutsiz, muzin egin zaio euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeko euskalgintzaren urteetako aldarrikapenari. Baina hori baino larriagoa da euskaldunokin egiten ari den bidegabekeriari eutsi izana. Hizkuntza eskubideen zonifikazioari eutsiz, bazterkeriara eta frustraziora kondenatu gaituzte. Ez da zilegia, eta badakite.

Horregatik, hitz suharrak baino urratsak nahi ditugu. Legea ez ordezkatzeko aitzakia nagusia bere jarrera izan bada ere, orain Ezkerra prest azaldu da Nafarroa osoan ofizialtasuna ezarriko lukeen beste lege bat negoziatzeko. Beraz, abia dezatela euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora eramateko trena.

Paul Bilbao, Kontseilua.

Xabi Gartzia, AEK euskaltegiak.

Joxerra Olano, IKA euskaltegiak.

Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkartea.

Sergio Iribarren, Sortzen.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07