blogak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren bloga

Ez gara akuriak (Zigor Etxeburua Urbizu)

akuriaZerbitzu publikoak erabiltzailearen inguruan ardazten dira, pertsonekin lan egiten da, pertsonentzako, eta horren arabera moldatu behar du zerbitzuak. Publikoak izanik, herritarroi eskubide zehatzak aitortzen zaizkigu, eta eskubide horiek betebeharrak eragiten dizkiete erakundeei. Jakina, bi parteen arteko harreman horretan, hizkuntza da administrazioaren eta erabiltzailearen arteko zubi nagusia. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarrek administrazioarekin harremana euskaraz izateko eskubidea aitortuta izanik ere, zerbitzu publikoek ez dute guztiz bermatzen euskara erabiltzeko herritarren aukera efektiboa, eta hori nabarmenen Osakidetzan igartzen da.

Osakidetzak bere egitekoa du zerbitzu sanitario publikoa eskaintzea, pertsonekin eta pertsonentzat, baina egiten duen hizkuntzen kudeaketa gehiago ardazten da ikuspegi ekonomizistan, erabiltzailearengan baino. Osasun zerbitzuak euskaraz eskaintzeak eragiten dizkion ustezko eragozpenek pisu handiagoa hartzen dute bere erabakietan, herritarrei bidezko eta kalitatezko zerbitzua emateak baino.

Horrela, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko araudia ez da betetzen, eta Euskara Plan orokorraren eraginkortasuna zalantzan geratzen ari da (neurri korporatiboen bi herenek ez dute garapen egokia izan, plangintzaldi erdian), hizkuntza gatazka kronifikatuz bere esparruan. Hain zuzen ere, sintoma okerrenak pazienteen arretak erakusten ditu, kexa ugarien jasotzen dituen arloa baita.

Euskara planak agindutako sendagaiak agindu bezala hartzeaz gainera, Osakidetzak aurreikuspen eta prebentzio handiagoko kudeaketa izan beharko luke. Kontraesankorra da osasun zaintzarako herritarrei eskatzen dien horren paralelismoa ez egitea berak, euskararekin. Ez dago trapurik estaliko duenik herritarrei harremanetarako hizkuntza hautatzeko aukera eman eta mediku euskalduna esleitu zaion erabiltzaileari, ordezko mediku erdalduna jartzeak adierazten duen pupua.

Honez gero, 160.000 herritarrek berariaz adierazi dute osasun-asistentzia eta -zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituztela. Gogoa eta eskaria egon badaude. Beraz, botere publikoei dagokizue tamainan erantzutea, etsipenean hondaraztea baino. Ez utzi euskaldunon erresilientziaren bizkar Osakidetzak zerbitzuak euskaraz ematea edo ez ematea. Ez egin esperimenturik gurekin, pertsonak gara, ez akuriak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07