blogak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren bloga

Bultza dezagun aukera hau (Zigor Etxeburua)

diptico a4 (alta)Euskalgintzak abiatu duen Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan kanpainaren testuinguruan, errejimen zaharreko hainbat politikariri entzun diegu esaten euskararen eskualdekatzeari eutsi behar zaiola, euskaldunak gutxi garela argudiatuz. Beren «argudioekin», ingelesa bertakotu dute eta euskara eta euskaldunak arroztu gaituzte. Euskara hizkuntza gutxitua da Nafarroan, bere lurraldean, murriztu eta gutxietsi duen jazarpen politika baten ondorioz. Ordea, ingelesa, errumaniera edo alemaniera gutxiengo batzuen hizkuntzak dira, Nafarroan. Adiera bakoitzak zilegi egiten ditu edo ez hizkuntza bat lurralde jakin batean garatzeko hartu daitezkeen erabakiak. Bi kontzeptu horiek nahastu nahi izan dituzte, asmo txarrez, bertako hizkuntzaren komunitateari hizkuntza eskubideak ukatzeko eta errejimenekoek beren hizkuntza pribilegioei eusteko.

Segregazioaren aldeko politikarien diskurtsoak eta ekintzek helburu dute euskararen egoera gutxitu hori betikotzea, eta horretarako, errealitatea aldagaitza balitz bezala aurkezten digute, etsipena hedatzeko euskaldunen artean. Bidegabea litzatekeen bezala hegemonia matxistari label demokratikoa ematea, egun gizartean nagusi delako, zitala da defendatzea euskaldunok konformatu behar dugunik bazterkeriazko egoera honekin, kopuruz gehiago direlako euskaraz ez dakitenak. Errealitate soziolinguistikoa baldintza gisa baino, moldatu eta hobetu beharreko abiapuntu gisa hartu behar da.

Baina, nagusikeriazko diskurtsoan sakonduz, errejimen zaharreko politikariek esan digute aski dugula euskaldunok bazterkeriara kondenatu gaituen gaur egungo legearekin. Ez diegu ezer erregutu, ez dagokie esaterik, eta are gutxiago, agintzerik nola bizi behar dugun euskaldunok. Ez da beraien dohaina. Hobe lukete ikuspegi supremazista hori aldatzea eta jarrera berdinzalea hartzea, gizarte kohesioaren mesedetan.

Euskarak lege egoki eta araudi eragingarri berriak behar ditu, bere berreskurapena eta garapena ziurtatzeko, bertako hizkuntza izanik ere, egoera sozial gordina pairatzen duelako. Areago, gaur egungo Euskararen Legeak berak eskualdekatzen ditu hizkuntza eskubideak, eta eragiten eta sakontzen du egoera makurra. Euskaldunoi bidegabea gertatzen zaigu alderaketa, ikusirik gaztelaniaz bizi daitekeela, askatasun osoz, Nafarroa osoan, eta ez hala euskaraz. Horregatik, egiturazko aldaketak egitea dagokie erakundeei, aitortzeko nafar euskaldunei euskaraz bizitzeko askatasuna.

Euskaldunok erakutsi dugu euskaraz bizitzeko nahiari determinazioz eusten diogula, eta bidean jarri dizkiguten oztopoak gaindituko ditugula, lehenago ala beranduago. Orain, Euskararen Lege berri bat prestatzeko batzordea osatzea adostu du Nafarroako Legebiltzarrak. Bada, heldu diezaiogun aukera horri guztiok, eta bultza dezagun euskaltzaleok, Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan kanpainaren bidez jasoko diren eskabideen arrazoiez. Hizkuntza komunitate honek euskaraz bizitzeko duen eskubide osoa aitortuko duen Lege berri baten mesedetan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07