blogak

Euskaldunok euskaraz

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929–‐2012), euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan baitzen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparrutik.

Jakin-ek bere obra osoa bilatu, arakatu, txukundu eta digitalizatu du, eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura paratu du.

“Euskal pentsamenduan izan diren diskurtso berritzaileak ezagutzea garrantzitsua dela uste baitu Jakinek, bai behintzat kulturgintza eta herrigintza eredu propioa garatu nahi bada. Txillardegi ezinbesteko pentsalaria dugu horregatik”, zehaztu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.

 Ia 2.000 idazlan digitalizatu, denon eskura

Hiru urte eman ditu Jakin-ek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da digitalizazioa.

“Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dira”, azpimarratu du Joan Mari Torrealdaik. “Horietatik 1.634 idazlan dira Txillardegik berak idatzitakoak. Esaterako, 40 dira liburuak eta 1.352 artikuluak”.

Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010–‐11koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak.

Gainerako argitalpen digitalak, berriz, Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira, 350 guztira.

Obra oparoa, kopuruz nola edukiz, beraz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07