blogak

Etzi.pm

TOP 5: Rolean jokatzeko bost proposamen

TOP 5: Rolean jokatzeko bost proposamen

Rolean jokatzen hasi nahi duzu eta ez dakizu ondo nondik? Ondoko artikuluan rolean jokatzeko bost sistema ezberdin deskribatu dizkigu Eneko Sanchez .

Onenak? Auskalo. Onak? Zalantzarik gabe.

Savage Worlds (Shane Lacey)

Zubitik behera salto egin duzu eta ziztu bizian doan tren horren sapaiaren gainean erori zara, ozta-ozta lortu duzu eskuekin burdinazko barra hori inguratzea, eta haietatik zintzilik zaude bandera baten moduan. Bat-batean bularrera dinamitazko karga bat itsatsia duen tximino bat hurbildu zaizu, eta kilimak egiten dizkizu behatzetan, erortzear zaude. Zer egingo duzu?”

Savage Worlds jolas generiko bat da, hau da, edozein anbientaziotarako baliagarria den jolasa. Bereziki ongi funtzionatzen du abentura betezko partidatan eta horregatik nire kuttunetakoa bilakatu da ia ezagutu nuenetik. Eztanda egiten duten dadoak (jaurtiketa ireki bezala ere ezagunak), jokalariari fikzioan eskumen handia ematen dioten “beniak” eta oinarrizko arau sinpleek erritmo azkarra eta furfuriatsua ematen diote. Bestalde, edozein anbientaziotara egokitu behar duenez, konplexutasun maila desberdinak dauzka, jolastu nahi den munduaren zaporea eskuratu ahal izateko.

Seguraski, jolas hau gustatuko zaizu baldin eta:

  • Abenturaz beteriko pulp istorioak maite badituzu
  • Zure pelikula edo telesail gogokoenetako pertsonaiekin edo haien munduan jolastu nahi baduzu
  • Indiana Jones, Conan edota Star Wars bezalakoak maite badituzu
  • 28 mm-ko figuratxoekin jolastea gustatzen bazaizu, gustatzen ez bazaizu ere!

 

The Esoterrorists (Robin D Laws)

San Mames metro geltokiko ehun eskailerak oinez jaitsi behar izan dituzu, identitate faltsua ematen dizun polizia plakak enbarazu egiten dizu poltsiko barruan, argi dago galtza hauek ekartzea ez dela ideia ona izan. Polizia zinta eskuarekin altxatu eta keinu dorpe batez igaro duzu. Hori kuxidadea ikusi duzuna. —Gizaki baten barruan zenbat odol egon daiteke?— pentsatu duzu. Eskuak eta oinak gorputzetik ebakita dauzkan gorpua dago lurrean, odol putzu erraldoi batean igeri egiten egongo balitz bezala. Aurpegia zurbil dauka, gorputza bezala, rigor mortisak, une egokian ateratako polaroid argazkia legez, izuaren arrasto bizia komunikatzen du. Paretak odolez margotutako sinbolo bitxiz beteta daude. Zer esan nahiko dute? Zeinek egin dut triskantza hau? ”

Esoterrorists terrorista esoterikoei buruzko jolasa da. Bitxia, ezta? Bueno, ez horren beste. Jokalariak Ordo Veritatis deituriko agentzia supranazional bateko agenteak dira. Errealitatea eta amesgaiztoen mundua banatzen dituen beloa urratu nahi dutenen kontra egiten dute. Terroristek beldurra erabiltzen dute belo hori ahultzeko eta beraz zuen lana haien kontra egitea da. GUMSHOE sistema definitu zuen lehenengo jolasa da, Robin D. Laws handiak idatzitako. Sistema hori ikerketarako paregabea da, eta istorio korapilatsuekin erabiltzeko aproposa.

Seguraski, jolas hau gustatuko zaizu baldin eta:

  • Ikerketa kriminala gustatzen bazaizu
  • Clive Barker eta beste beldurrezko istorio garaikideen ipuinak gustatzen bazaizkizu
  • Filosofia ezkutua eta okultismoa gustatzen bazaizkizu
  • Odol eta barrenez batetako deskribapen xeheak gustatzen bazaizkizu

Alas for the awful sea (Hayley Gordon)

Itsasoan bi aste eman ostea, zuen herriko labar harritsuak ikusi dituzue behingoz. Eskifaiaren erdia gaixorik dago, beste erdia gosetuta, zaurituta edo akituta; azken egunetako ekaitza alu horrek barkua ia-ia txikitu dizue, eta hartutako arrain gehiena galdu egin duzue. Eta are txarragoa dena, ekaitzaren ostean izandako barean itsasotik kutxa arraro bat jaso duzue. Kapitainak bere gelan gorde du egun guzti hauetan, baina ezkeroztik, denek amets bitxiak izan dituzue: herriko eliza erretzen zela, auzokideak beraien etxeetatik kanporatzen zituztela, eta abar. Lurrera iristean, zuen lagunak buru-makur ikusi dituzue. Elizan sutea piztu zen bart eta gaur kiskalita dago. McAllister familia desagertu egin da. Kutxa bitxi horrek zerikusirik izango al du? Zer egingo duzue herriko giroa konpontzeko?”

Alas for the awful sea-k Britaniar uharteetan itsasoari lotuta bizi diren gizaki txiroen istorioa kontatu nahi du. Komunitatea, tradizioa, supertizioak, familien arteko liskarrak, lurjabe eta maizterren artekoak, itsasoko arriskuak… horrelako gaiak tratatzen ditu jolas honek. Guzti hori itsasoarekin lotutako mitologia zeltarekin bustiz gero, hemen dugu jolas kostunbristarik liluragarriena. Deskribatzea gustatzen zaienentzako jolasa da, pertsonaiak euren artean era dramatikoan jokatuko dute, eta seguruenik, beraien interes kontrajarriek borroka egitera edota traizionatzera eramango dituzte.

Seguraski, jolas hau gustatuko zaizu baldin eta:

  • Itsasoan sei hilabete segidan pasatzen dituen Ondarruko arrantzalea bazara
  • Taboo telesaila gustuko baduzu
  • Miseria eta ezbeharrak jolasteko arazorik ez baduzu
  • Itsasoko mitologia maite baduzu

Runequest in Glorantha (Greg Stafford)

Lau bat lagun bildu zarete harri batzuen atzean. Zuen aurrean Cyrlinga klan etsaiaren sarobea duzue, 300 bat abelburuko taldea dago zuen aurrean. Orlanthi zuen ezpataren ahoak tximistaren indarrarekin moztu dezan eskatu diozue, eta Vingari zuen hankek haize ufaden arintasuna izan dezaten. Sarobea babesten duen egurrezko zerka ezpataz txikitu ostean, behiak biltzen hasi zarete. Azkenik iritsi da zuen klanak jasandako humiliazio guztien ordaina izateko ordua. Behi gorri horiek gabe, Cyrlinga klanak ezin izango ditu aste-sakratuko sakrifizio erritualak egin, eta zoritxarra izango dute urte osorako.”

Runequest in Glorantha Greg Stafford handiak 1978 urtean publikatutakoaren RuneQuest famatuaren azkeneko bertsioa da. Sistema nahiko klasikoa da eta jarraitzaile asko ditu. Esan genezake, joko honek munduko anbientaziorik xehatuena duela. Glorantha ez da espazioan flotatzen duen planeta bat, mitologia eta magian murgildutako lur kubo bat baizik. Jainkoak eta haien boterea eguneroko bizitzan txertatuta daude Brontze Aroko teknologia duten tribu, klan eta hiri hauetan. Nekazaritzan edota abeltzaintzan ibiltzen diren gizakiek ere magia erabiltzen dute uzta ona izateko, edo behiak behar bezala ugaltzeko.

Seguraski, jolas hau gustatuko zaizu baldin eta:

  • Mitologia gustatzen bazaizu
  • Erdiaroko fantasiaz pixkat aspertuta bazaude
  • Klan sentimendua, ohorea, tradizioa, komunitatean txertatua egotea jolastu nahi baduzu
  • Hitz egiten duten ahateak, aurora boreal gorriak, 8 kilometrotako dragoiak ikusi nahi badituzu

Houses of the Blooded (John Wick)

Aranhe Yvarai, Azeriaren etxeko opera abeslari famatuaren ezkontza festara izan zara gonbidatua. Badirudi ezkontza berandu hasiko dela, baina edaria banatzen jarraitzen duten bitartean, zuri bost. Etsai bezain beste lagun ikus ditzakezu hemen. Urrutian ikusten duzu Lyme Mwr, Sugearen etxeko gizon arriskutsua, Ikhalu, heriotzaren kultuaren burua, ate batetik sartzen, eta hortik hamar minutura Aranhe lerdena atera da, zorabiatuta, erdi biluztua, jantzia baldarki bere tokira eraman nahian, eta fenomeno optiko bitxi bat bailitzan, ñir-ñir egiten. Aldarera gerturatu da eta bat batean ziplo erori, bizkarrean Ihkaluren aiztoa duela. Zer egingo duzu? Lymeren arrastorik ez dago, baina agian, ihes egin baino lehen harrapatzeko aukerarik izango al duzu? Zergatik egiten zuen ñir-ñir Aranheren gorputzak?”

Houses of the Blooded traizio eta dramaz beteriko jolasa da. Hemen Ven delakoak interpretatuko ditugu, moral biktoriarra duten noble batzuk izango gara, hau da, kalean gauza bat esan eta etxean kontrakoa egingo dugu. Hiltzea debekatuta dago, oso gustu txarrekoa da, baina mundu guztiak hil egiten du, magia egitea debekatuta dago, gustu txarrekoa da, baina mundu guztiak egiten du, eta abar, eta abar. Modu episodikoan jolasteko jokua da eta mekanika narratibo interesgarriak dauzka. Izan ere, sistemak eskumena ematen dio jokalariari nahi dituen elementuak istorioan txertatzeko, bereziki bere interesen kontra doazen gauzak txertatzeko.

Seguraski, jolas hau gustatuko zaizu baldin eta:

  • Shakespeareren lanak gustatzen bazaizkizu
  • Zure pertsonaiak sufri dezan prest bazaude
  • Zure lursailaren kudeaketa egitea gustatzen bazaizu
  • Traizioa eta hipokresiaz beteriko pertsonaiak jokatu nahi badituzu

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07