blogak

Etzi.pm

Eburniko kattana3.3: Fisika. Bi mundutan heroi

Eburniko kattana3.3: Fisika. Bi mundutan heroi

Izan ere, bokalea bi harri mugikorrek zaintzen dutela ez da asmakizuna. Arando harriak dira. Txikia ababorretik jotzen du; Handiak, istriborretik. Joanetorrian itsasontzia harrapatu eta erraz kraskatzeko modukoak. Hori gutxi ez, eta mugimenduak ikaragarrizko zirimola sortzen du, uretan zein airean.

Boh, Eder, Pasaiako arraunlariei buruz diotena egia izatea espero dut.

Ederrek ez dut txintik esan. Brankan dagoen gelan sartu eta lemaren joystikari heldu dio. Senokotik atera eta itsuan sartu du fragata badiaren erdian. Argitan, traganarruaren erdian.

Hasiera batean Lezoren ontzia askatzea eta zirikatzea, hori baino ez zuen helburu Lafittek. Orain, baina, almiranta haiek jazartzeko maniobratzen ari dela, Lafitte berriro jaitsi da ontziaren alboan lotuta dagoen howercraftera. Ez daki zenbat denbora beharko duen Ederrek Arandoak zeharkatzeko. Baina ezin du Lezo hurbiltzen utzi, bestea eurenak egin du, almirantaren eta harrien artean kaiolaturik.

Txalupa erabat jare gabe, soka luzatu egin du; pozisio ona hartu. Ederrek zeraman buruko argiduna jantzi eta argia modu luzean piztu egin du, Lezoren ontziara zuzenduta; hura argituz. Ontzitzar horren beheko aldea da oraindik behelainoak libratu ez duen bakarra, era likitsean hari kolatua.

Lehen argi-pirrintan ontziaren popa ikusi du; ez du hori bilatzen duena. Bigarrenean, Lezo bera zubian; tentazioari ezin eutsi, eskua altxatu du agur moduan, hark begiak Lafitteren burukoak zabaltzen duen argi luze eta zuzenetik babesten saiatu bitartean; hirugarrenean, bai. Hirugarrenean santabarbara topatu, tiro egin, bertan jo eta eztandarazi egin du almiranta-ontzia. Itsasontzia bitan erditu denean ikara sortzeko moduko ulua entzun da badian. Itsasontzia bizirik zegoela eta zauri hilkor harengatik garrasi gizatiarra bota zuela kontatuko zuten badiako herritarrek.

Bitartean, Ederrek azeleratu-gelditu bukaezinean murgildu da, Arando harriak gainditzeko. Behin eta berriz eskuin-ezker, zigizagan, astiro eta azeleratzen… zirrikitua ikusi arte. Haurrak zirenean hori zuten jolas. Beste batzuk Antxoko burdinbideetan jolasten zuten bezala, haiek portuko alarmak piztu eta txalupetan ihes egitera jolasten zuten… gerora lehorrean zigortu eta ziegetan sartzen bazituzten ere.

Hara doa, badiaren kanpoko aldera! Braust! Pasa da fragata bi Arandoen artean… Fragatak atoian du Lafitteren txalupa oraindik, abiaduragatik honek ezin soka jaso. Hori, baina, ez daki Ederrek. Bere kalkuluan ez du atoia sartu. Arando Txikik howercrafta harrapatu eta kraskatu egiten du. Zirimolaren beste aldean eskifaiak ezin sinetsi kapitaina hondoratu denik. Oholak eta kautxoa baino ez da uretan ikusten.

– Berdelburuak!

– Kapitaina da, dudipez!

– Sokatik tiratuko duzue behingoz potrozorro halangoak! Ez zenuten pentsatuko intxaur puzgarri horretan geratuko nintzenik, ala? Arria!

Eta halere, eskifaia bibaka.

Itsas zabalean azkenean. Lafittek eskifaia aurkezten dio Lafayetteri: Lafitte kapitaina. Danborrak astitzen zituen haitiar erraldoia, Dumas kontramaisua. Elhuyar zientzialaria. Txoak Pellot du izena, Hendaiakoa.

Txo izan eta Pilot izen, hori bai marka! ez du ba bota Lafayettek!

Gehiago ere harritu da Lafayette. Laffite negreroa zela uste baitzuen. Kopeta zimurtu zaio Lafitteri, eta aldendu. Dumasek argitzen dio iragan iluna duela Lafittek, geratzen zaion bizitza purgatorioa izango duela, baina han, itsasontzian, denak libreak direla. Pertsonen orainak kontatzen du; iraganak geroa berandu baino lehen harrapatzen badu ere. Beti.

Nola demontre jakin behar nuen nik hori? Gainera, nire misioneak kale egin du, Ameriketarako erosita nituen “jotake” fusilak atzean utzi behar izan ditut, “Victorie” ontzian ziren, Pasaian.

Horri buruz, jauna, zera azaldu nahiko nizuke. Ordura arte ixilik, Elhuyar mintzo. Ederrek zu askatu bitartean, gutako batzuk zure fusilak berreskuratu egin ditugu. Dituzte esan nahi dut. Eta, haiek ontziratzeaz gain, hobekuntza batzuk egin dizkiegu. Dizkiet. Ontsalaz, Abadia jaunaren oparia dugu zuretzat. Goi mailako teknologia. Nik neuk patentatuta. Otso-harriz egindako bi arreba: “Eburniko” eta “Kattana”. Esan du inoiz ikusi diren bi kainoirik berezienak estaltzen zituen bela haien gainetik kendu bitartean.

– Otso-harriari esker, kainoi ahoak ez dira higatuko; gainera, kanoiak ez dira berotuko eta behin eta berriz balaz jaurtitzeko aukera emango dizu.

– Estratega ona zarela entzun dugu. Kontaktuak Ameriketan dituzula ere bai. Inperioaren zati honetan gu jazartzeko bakarra Lezo zen. Korrokoiaren bazka da orain. Zeozer irakatsi behar badiguzu, hau da zure aukera. Dumas da eskaera egin diona.

Ixila nagusi. Ingurukoak begitantzen ditu Lafayettek. Bere kabuz balentria egin nahi zuen. Armada sendoa osatu, bera buru, eta ondo armaz hornitu. Parean dituen piezak? Horiekin kontinentea askatzen lagundu? Jende arranoa da hura, alberjiniamaria! Begietan distira berezia duena, hamaika pasatakoak, auskalo zenbat orbain gogoan, berak ezagutu gabeko mundu batekoak.

Fusil eta kainoi hauek Washington Maiorraren esku utzi arte zuen laguntza eskatzen dut. Ez dut zer eskaini, soilik niri leialtasuna. Lafayettek irmo hitz egin du, kainoitzarrek sortu dioten dar-darra erakutsi gabe.

Eta non eta nola pentsatu duzu Maior horrekin batzea? Bota dio Laffitek. Lotsagorritu da Lafayette; ez galderagatik, erantzunagatik baizik:

– Ondo ezagutzen duzun tokian: Orleansen.

– Orleans? Orleans? Nola Orleans? Hiri inperiala izateari utzi al dio ba Orleansek?

– Ez; horregatik. Orleans liberatu dezagun. Washingtoni “jotake” fusilak ematen lagundu nazazue. Hori da nire proposamena. Hori lortu arte laguntza eskatzen dizuet. Zin dagizuet bi kainoi hauek Manhatan irlaren sarreran paratuko ditugula, bi kontinenteen arteko elkartasun gisa eta umanidadearen askatasunaren ikur gisa. Zer diozue?

– Zer diogun? Lagunok! Zer diogu? Egin du deiadar Lafittek.

– Errepublika eta Askatasuna! Aho batez erantzuna.

Irudia: Egiguren Argazkiak. Bada arraunik telebistako estropadetatik kanpo artikulutik: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/bada-arraunik-telebistako-estropadetatik-kanpo

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07