blogak

Etzi.pm

Eburniko kattana 3.1: Fisika. Abadia.

Eburniko kattana 3.1: Fisika. Abadia.

9 hilabete beranduago. Atarratzen Abadiaren jaunaren gazteluan. Eztanda txiki bat, Elhuyar aurpegia beltzatuta.

– Hamaikagarren aldiz kale! Ez dago zer egiterik, ez dut inoiz lortuko.

Beltzaztuta oraindik, Eder, Abadia eta ijitoak dauden tokira hurbiltzen da.

Kamuflaje bikaina gure lagunen artean ibiltzeko, alberjiniamaria!. Karkailaka Abadia.

Ondo pentsatzeko ondo jan behar da. Ta zuk egunak ematen dituzun, barauetan, ilunpetan… Ohitu da Eder gizon xelebrearen portaeraz.

Etorri honera fundamentuzko hamarretako egitera. Abadia, ostera, kezkatuta.

Ijitoetako batek tapakia jartzen dio eltzeari: – Ingalaterran ikasi genuen menda-saltsan egositako basurdea prestatzen. Bor-bor egin behar du…

Elhuyarrek tapakia kentzen dio lapikoari eta korrika ateratzen da.

– Oraingo honetan bai lagunok, oraingo honetan bai!

– Baina… gure basurde egosia…

– boh, utziozu, eroak daude zientzialari hauek

Arratsean, oihu bat entzuten da gazteluan: Eureka! Horren xinplea zen: eltzea estali, beroa areagotu, otso-harria malgutu eta xaflagarria bihurtu ahal izateko.

Aldi berean, Pasaian: Postari jantzita gazte bat iritsi da Pasaiara. Mozorroaren gibelean Lafayette markisa dugu. Mozorroa beharrezkoa du, Ameriketarako bidean inperioaren aliatuak zelatan ditu. Pasaian hauek ez dira nolanahikoak: Lezo eta Arizabalo jaunak.

Pasaian dugu Irizar, Basquetz anderearen Kamara ostatuan, sukaldari -eta zerbati gehiago- bihurtuta. Erran gabe doa: etxeko espezialitatea fritak dira, saltsa mina eta Argantzungo ardoaz lagunduta. Horrela dago afitxatua atean: “Abadea” etxeko espezialitatea. Garitanoren oroiminean.

Ez da Kamarara iritsiko Lafayette; Donibaneko kale zaharra zelatatzea ez da oso zaila. Ezinbestean Arizabalotarren arkupeak zeharkatu behar dira. Arizabalo berak gonbidatzen du Lafayette etxera; postaria bada, kontatzeko istorio ugari izango duelako aitzaki. Jakina, goiko pisuan atxiloan dute.

Saguzahar mekaniko bat iritsi da Abadia gaztelura. Ederren inguruan ibili da bueltaka. Honek behin eta berriro uxatu arren beti itzultzen da haren gainera. Elhuyarrek harrapatuko du tramankulua, Ederrek harrika hasi baino lehen.

– Eder, saguzaharrek ez dute hegan egiten egunez.

– Nire amamen tutulue! Saguzaharra… Irizarren fetitxea da.

– Fetitxe baino gehiago da hau. Eta zuen uso mezulariak baino azkarrago.

Irizarren mezua Lafayetteren mentura malapartatuaren berri ematen die, azken argibide batekin: Lezoren zain geratu dela Arizabalo. Lezok baitu Lafayette harrapatzeko misioa.

Abadiak hitz bat, “Lafitte”, eta agindu bat: astebete duzu zure formularen balioa erakutsi eta egoera iraultzen hasiko duen ezer asmatzeko.

Saguzahar mekanikoa hegan ateratzen da Pasairantz bueltan.

Irudia: Mecha Bat. Mesozord. https://www.deviantart.com/mesozord/art/Mecha-Bat-640411981

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07