blogak

Erratza gainean

Osatze Feminista: Zapalkuntzen zauriak lantzen

“Bizi ditugun zapalkuntza sistemek nabarmen eragiten dute gure gorputzetan. Horregatik, bizipenetan arreta jarri eta garapen pertsonal eta kolektiboa lantzeko proposamena luzatu nahi dugu”. Bilgune Feministako Edurne Epelderen hitzak dira,  Osatze Feminista proiektuaren bueltan esandakoak.

Feminismoak aspalditik garatzen duen ideia praktikara ekarri nahi du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Patriarkatuak, inperialismoak, arrazakeriak, neoliberalismoak… pertsonengan eragindako sufrimendua gainditu eta osatzea, gorputzek pairatzen dituzten zaurietan atentzioa jarriz.

Hego Amerikako feministek aldarrikatzen duten sendatze-feministatik hasi dute proiekturako bidea. Izan ere, herrialde horietako eragileen bizipenak oso baliagarriak izan zaizkie.

“Sistema zapaltzaileak eraldatzeko prest azaltzen garen moduan, beharrezkoa da aldaketa pertsonal zein kolektiboa ematea”, adierazi du Epeldek. Arlo politikoan, sozialean, emozionalean zein fisikoan eragiteaz ari da: “Kolektibo politiko zein sozialak,  pertsona askeak, osoak eta burujabeak bultzatzeko espazioak ere badirela sinesten dugu”. Militantzia eta esperientzia, indargune, ahalduntze eta osatze bide gisa ulertzen dituzte eta ez pertsonak erraz “erretzen” dituena. “Borrokan ere, edozein eten da baliagarria. Gure buru eta gorputzei plazer eta atsedenerako espazioak eman behar dizkiegu”. Finean, aldarrikapenak bizipen bihurtzeko ahalegin praktikoa dela diote, aldaketa bi norabidetan ematekoa: indibidual zein kolektiboan.

Euskal Herriko Bilgune Feminista

Euskal Herriko Bilgune Feminista

“Borrokan ere, edozein eten da baliagarria. Gure buru eta gorputzei plazer eta atsedenerako espazioak eman behar dizkiegu”, Edurne Epelde, Bilgune Feminista

Hamaika zainetatik barna

Horretarako hamaika bide planteatu dituzte, “osasunaren autogestioak esparru guztiak hartzen baititu”. Emozioak, elikadura burujabetza, denboraren erabilera, artea eta sorkuntza, sexualitatea eta plazera kontuan hartuta ari dira materiala prestatzen, diziplina ugaritan oinarrituko dena: yoga, taichia, elikadura osasuntsua, biodantza, musikoterapia, emozioen lanketa, meditazioa…

Norberaren zein arbasoen jakintzak (aitona-amonen aholkuak, sendabelarrak…) aintzat hartuta antolatzen ari dira. Oraintsu, egonaldi batean jarri dute hau guztia praktikan: “Elikadura, loa, gure arteko afektibitatea, konplizitatea… zaindu ditugu. Tailerrak eta eztabaidak izan ditugu eta zenbait ideia praktikan jarri; bileretan gorputzari toki handiagoa egitea, esaterako”.

Momentuz Bilgune Feministaren baitan ari dira, baina Euskal Herriko eragileekin partekatzea dute helburu: “Asko sufritu duen herria da hau. Sufrimenduak utzitako zauriak osatu beharra dago”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07