blogak

Erratza gainean

“Izugarria da gorputzak sendatzeko duen gaitasuna”

Nahia, Oihu eta Maray 17, 15 eta 12 urteko nerabeak dira. Arizkuren herrian (Nafarroa) bizi dira eta ez dira sekula medikuarengana joan. Gutxiago gaixotzen direlako ala gorputzaren sintomak ulertu eta konponbideak bilatzen dituztelako?

Biak ala biak dira erantzun egokiak. Hala baieztatu digu hiru nerabeen amak, Xandra Ruiz Santamaria arizkurendarrak. “Harreman osasuntsua, elikadura garbia, atsedena eta bizitza aktiboa izatea ezinbestekoak dira gorputzen oreka lortzeko”, dio. Ezaugarri horietako baten hutsunea nabarituz gero gorputzak komunikatu egingo digula kontatu digu, hala nola, gaixotu egingo garela: “Desoreka horretan aurkitzen garenean, gainditzeko hainbat aukera bilatuko ditugu naturan”.

aritzkuren seinalea

Arizkuren abandonatua izan zen 1940ko hamarkadan, eta 50 urte geroago, 1995ean, “zaratak eta presak” alboratu nahi zituen kolektibo batek berreskuratu eta berreraiki egin zuen. Gaur 18 pertsonako “familia bat” bizi da mendi artean dagoen herritxo honetan. Osasunaren autogestioa bultzatzen dute. Gure arbasoen jakinduria eta bizimodua azpimarratu eta herritarren sinesmen eta bizitzetan aplikatzen dituzte. “Naturaren parte garen honetan, harenganako lotura berreskuratu behar dugu. Konpromisoa dugu harekin eta gure garapen pertsonalarekin. Pazientzia behar da, interesa, kuriositatea, propoleoa, baltsamoak, jarabea…”, dio Ruizek.

P1012496Ikasten ari dira eta erakusten. Sendabelarrak aztertzen eta konponbide naturalak detektatzen, “osasuna eta gorputzak ulertzen”. Izan ere, norberarengan mediku bat dagoela ikusarazi nahi digute, eta etengabe aipatzen dute gure arbasoak zein gertu zeuden baieztapen horretatik. Hori guztia zabaltzeko asmoz, kosmetika eta osasun produktuak egin eta saltzen dituzte azoketan, “Aritzkuren tienduka” izenpean: “Hau guztia autogestioaren bidez ateratzen dugu aurrera, ekonomia komuna oinarri hartuta”. Urtean zehar ikastaro desberdinak eskaintzen dituzte herrian bertan.

“Era berean garrantzitsua eta beharrezkoa da denontzako osasun zerbitzua egotea. Kirurgia, odontologia, fisioterapia…”, dio Ruizek. “Baita aromaterapia, musikoterapia, homeopatia, bach loreak…”, gaineratu du irribarrez. Baina honi guztiari erabilera egokia ematea gakoa dela pentsatzen du, hezkuntza eta jendarte ereduarekin lotura estua duelakoan. Medikamentuekin, adibidez, zalantza egin du arizkurendarrak: “Sendatzearen prozesua bera kaltetzen dute batzuetan; sintomaren gainean eragiten baita eta ez arazoaren sustraietan, ez zegoen lekuetan beste arazo bat sortuz”.

Familia handi honek apenas erabiltzen duen sendagairik; gaixotasunak hamar egun baino gehiago iraun eta propoleoak eta landareek eraginik egin ez dutenean soilik. Katarroa, infekzioak, sukarra edo gripeak kaltetutakoan, esaterako, lagungarri naturalak hartzen dituzte: “Sendatze prozesua zailagoa bada ere, bigarren mailako efekturik ez dugu izango”. Intsusa baliatzen dute sukarra edo sinusitisa tratatzeko, eztul-belarra bronkitisarentzat, iruntzi-belarra buruko min edota eztularentzat, plantina marranta edota asmarentzat, eukaliptua katarroarentzat, hurritza sukar eta eztularentzat, eta abar.

Ruiz Santamariak azaldu digunez, sendagilea erabat harritu zen Nahia, Oihu eta Maray lehen aldiz medikuarengana joan zirenean errebisioa egitera, ordura arte sekula artatu gabeak zituelako. “Izugarria da gorputzak sendatzeko duen gaitasuna. Bizitzari eskertzen diot gehiago behar ez izatea”, dio haien amak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07