blogak

Erratza gainean

Bo(to)rrokalariak

Gehiegizko garrantzia ematen zaie, nire ustez, hauteskundeei. Hainbestekoa da, jendea iraultzaile sentitzen dela botoa emateagatik. 

Egun hauetan, hainbeste komentario ilun abstentzioari. Hainbeste gorroto abstenitu denari. Nori ari zarete eskatzen, baina, botoa? Justu kritikatuena denari? Sistemak kanporatzen duen horri? Seinalatzen duzuenari? Epaitzen? Kontrolatu nahi duzuenari? Horiei eskatzen ari zarete botoa? Eta nori ematea; alboan uzten duen alderdiari? Mugak baino jartzen ez dizkionari? Traidore izendatzen dienari? Zentzurik ba al du honek?

Botere handiagoa ez eskuratzearen errudunak dira, gainera. Analisi sinple eta injustua da hori, pentsamendu ezkertiarrak ere babesten duena. Abstentzioa demokraziaren parte da, aukera bat, eta bere esanahi politikoa dauka. 

“Eta gutxiago egoera honetan”, irakurri dut. Ultra eskuinak indarra hartzearen beldurrak areagotuko zuen, akaso, abstentzioaren aurkako jarrera. Baina eskuinak beti eduki du indarra, jarri izen bat edo beste. Errua edo erantzukizuna, beraz, ez da bozkatu ez duenarena. Jarri begirada beharrezko norantzan, faxismoa ez baitu bultzatu  bozkatu ez duenak, haiei bozkatu dienak baizik eta, noski, faxistak direnak. Lekua gero eta erosoago zaien honetan are eta indartsuagoa beharko du borroka antifaxistak. Bai, kezka hau nirea ere bada, honetaz ere kexa ninteke, bozkatu ez arren eta horrela tratatzen ez banauzue ere, mundu eta sistema honen parte naizen heinean nire iritzia eta amorrua baitaukat. Intituzio eta alderdiez gain bere kabuz pentsatzeko gai den pertsonik ere bada.

Esan, alderdiren batek gelditu al du desalojoren bat? Etxebizitza oinarrizko eskubidetzat hartu al du eta ez soilik espekulazio objektu gisa? Ba al da baten bat multinazionalen pribilegioak mugatu dituena? Autogestiorako espazioak bultzatu dituena? Lan esplotazioa gelditu duena? Gazteekin hitz egin duena? Diskriminazio sozialak eta kulturalak eten dituena? Pertsona indibiduo gisa tratatu duena, estrategia politikoen interesen arabera haien jabe egiteko asmorik gabe? Guzti hau egiten a(ha)l da instituzioetatik?

Iraultza ez da instituziotik etorriko. Botoa iraultza egiteko erabiliko dela pentsatzen dugu eta uste okerra da. Parte sentiarazten gaituzte, ongi, asetuta. Kanpainetan pluralean hitz egiten dute; gu, baina denek diote biharamunean: “Mila esker gugan konfiantza izateagatik”. Bat-batean “gu” ez da herri osoa. Haiena da hitza. Hori da boterea, hori da instituzioa. Gu iraultzaile egun batez eta besteak egin dezan denbora luzez. Nahi duen bezala. Inork ez du ezer egingo, ordea, ni askatzeko. Hori espero duena esperoan biziko da, lotuta. Ni ez nauzue ordezkatzen. Utzi beraz botoa eskatzeari eta fokoa nigan jartzeari. Baita dezepzionatuta sentitzeari. Nire botoa ez baituzue galdu, ez da inoiz zuena izan. Nire eskubidea eta erabakia da, has gaitezen hortik. 

Bizitza ikusteko ikuspuntua aldatzen hasi beharko genuke. Gobernuak, edozein koloretakoa izanik, ez du sekula landu errotik sistemaren funtzionamendua. Gizartearen ardura eta erantzukizuna langile klaseak hartu beharko luke. Iraultza kalean dago, egunerokoan; antolakuntzan, heziketan, bizimoduan, harremanetan…

Bitartean, estrategia politikoa aldrebesten dituelakoan borroka batzuk zapaltzen diren bitartean, segi ideiak garatzeko bideak zabaltzen. Arantzek odola mugitu besterik ez digute egiten. Ongi ez datorkiguna (lehen pertsonan) zer den ezin du ikuspuntu bakar batek erabaki. Justu ongi ez datorkiguna da borrokatu nahi duguna. Sentitzen dut prefabrikatutako bide garbi eta zurietan bazterretako kilkerrak izateagatik. Isiltasuna hausten duten zarata jasaezinen soinu-banda.

Hau idaztea kasualitatez aurkitutako Benjamin Recacha blogeko La culpa no es de quienes no votan, Autogestioa blogeko Abstentzioaren mamua eta Gedar langile kazetako Hauteskundeetako emaitzen harira artikuluak irakurri eta hona ekartzearen ondorio izan da. Hainbat ideia eta esaldi bertatik hartutakoak dira. Data desberdinetan idatzitakoak dira, baina horrek berak argudioak indartzen dituelakoan nago. 

The post Bo(to)rrokalariak appeared first on Erratza gainean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07