blogak

Eibar.org

Xabi Paya eta Patxi Gallegoren "Nori" komikia argitaratu du Bertsolari aldizkariak

Xabi Paya eta Patxi Gallegoren "Nori" komikia argitaratu du Bertsolari aldizkariak

Irudia: Patxi Gallego

Bertsolari aldizkariaren zenbaki batzuk komikiak izaten ari dira azken urteotan. Zehazki, duela lau urtetik hona, bi urtean behineko neguko zenbakia komiki bat izan da, beti gaiak nolabait bertsolaritzarekin zerikusia zuela. 2015eko negukoa Xabi Paya eta Patxi Gallegoren Nork komikia izan zen, 2017ko negukoa Mikel Begoña eta Adur Larrearen Arditutakoak, eta aurtengoa Nori, berriz ere Paya eta Gallegorekin.

Nork komikian Andoni Egañaren balizko hilketa baten ikerketa kontatzen bazitzaigun, trilogia bat izateko asmoa duen honen Nori bigarren komiki honetan euskara batuaren alegiazko patentatzearen ikerketa dakarkigute oraingoan. Lehenengo haren leloa Nork hil du Andoni Egaña? bazen, bigarren honena Nori saldu diote euskara batua? litzateke. Norken bertsolaritza zen gai nagusia eta Norin euskara, baina bietan ukitzen dira euskal kulturaren gai ugari, Xabi Payak honetaz duen ezagutza sakonaren erakusgarri. Eta orduko hartan bezala oraingo honetan ere euskal munduko milaka pertsonaia eta erreferentzia aurkituko ditugu eta lehertzeraino egingo dugu barre istorioaren zein marrazkien umorearekin.

Istorioan, norbaitek euskara batua patentatu egin du eta eskubideak eta isunak kobratzen dira erabiltzeagatik. Bi detektibek denboran atzera bidaia egingo dute misterioa argitu eta okerra zuzentzako, hala bide batez euskararen 100 urteko historia kontatuz (Euskaltzaindiaren sorreratikoa).

Luze egin zaigu Nori honi itxarotea, eta lau urteren ondoren azkenean amaitu da esperoa. Orain umezurtz gelditzen gara berriz ere, trilogia Nor komikiarekin amaitzearen zain...

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07