blogak

Eibar.org

Joana Maiz, erresistentziari oda zoragarria

Joana Maiz, erresistentziari oda zoragarria

Irudia: Joseba Larratxe

Ikus-entzunezkoen munduan casting zuzendari gisa atzerrian urte askoan arrakastaz aritu ondoren, lanik gabe geratu da Joana Maiz eta Bilbora itzuli da, nortasun krisi betean. Euskal Herriaren historia kanonikoa kontatzen duen dokumental bat ekoitzi eta zuzentzea onartu du, horrek arazo guztiak konponduko dizkiolakoan. Baina casting-ean Lauren ezagutuko du, etxetik kaleratu behar duten 80 urteko atsoa, eta bera eta bere euste jarrera bihurtuko ditu ardatz eta protagonista ez filmean soilik, baita bere bizitzan ere.

Hau da Yurre Ugarteren gidoi ikaragarri ederrean kontatzen den istorioa, zeinari bikain egokitzen zaizkion Joseba Larratxeren marrazki liluragarriak, elkarrekin Joana Maiz komiki aparta ontzeko. Erresistentziaz hitz egiten du, gaia feminismoa izan gabe erabat feminista da, eta beste mila gai ere lantzen ditu zeharka: garapen basatia, artearen izaera eta merkantilizazioa, Euskal Herriaren Historia Ofiziala, giza- eta familia-harremanak... Eta hori dena erritmo biziz kontatuta, guztiz katigatzen zaituen zinema estiloko kontakizun bizian. Harriet argitaletxearen eskutik ikusi du argia lan honek, komiki-marrazkigileei ematen zaizkien dirulaguntzetan 2017ko deialdian merezimendu osoz hautatuetako bat izan zena.

Irakurtzean norberarengan uzten duen gisara, euskal komikigintzan ere arrastoa utziko duen komikia da, zalantzarik gabe, Joana Maiz harribitxi hau.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07